Ibarrako skate-park berria eraikitzeko lanak astelehenean hasiko dira.

2013/07/12
Gaur jada ingurua hesitzen hasi dira.

  Sektorean eskarmentu handia duen ZUT Skateparks enpresak egingo du Ibarrako skate-parke berria eta okerrik ezean, abuztu erdi-amaierarako bukatuta egongo da.

  Eraberritu den Larrañako futbol zelai inguruan skate-parka egiteko lekurik ez zegoela ikusi ondoren, udalak, instalazio berria Ibarran kokatzea erabaki zuen, Gipuzkoako lurralde-artxiboa den eraikinaren ondoan, skatepark zaharra zegoen gune berean, hain zuzen ere.

  “L” formako pista izango da, alderik luzeena bidegorriarekiko paralelo duela. Guztira, 142 metro kuadroko azalera izango du eta hormigoizkoa izango da. Bainerako behe aldean metro eta 20 zentimetroko sakonera izango du.

  Lanak, urtarrilean esleitu ziren arren, eguraldi onaren zain eta ZUT Skateparks enpresak aurretik zituen beste konpromiso ugariak bete arte egon dira. Gaur bertan, lanak egingo diren ingurua hesiz ixteari ekin diote eta astelehenean jada, gunea zulatzen hasiko dira. 

  Lana, LR&C Arquitectos enpresak egin zuen proiektuaren arabera osatuko da. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!