Iaz ez zen gizarteratze eta laneratze prozesuan zegoen pertsonarik kontratatu Oñatiko enpresetan

2021/01/19
Halako prozesuak laguntzeko Ulma taldeak jarri zuen diru funtsa itzuli egingo dio Udalak

  2020a urte txarra izan zen enplegurako orokorrean, baita Oñatin ere, eta are gehiago, berez laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboentzat. Horiei zuzenduta gizarteratze eta laneratze prozesu espezifikoak burutzen ditu Bidebarri enplegu zentruak, helburua, prozesua amaituta ohiko enpresa batean kontratua lortzea delarik. Ondorengo kontratazio horiek errazte aldera lankidetza hitzarmena adostu zuten Udalak, Bidebarri enpresak eta Ulma taldeak 1018an, 20.000 euroko diru funtsa sortuz. Dirua, laguntza bidez, gizarteratze eta laneratze prozesuetatik doazen pertsonak kontratatzen dituzten herriko enpresa txikiei zuzendu zen. Oñatiko 50 langile baino gutxiago duten enpresentzako dirulaguntz funtsari ekarpena egiteaz gain, Ulma taldeak jarrera aktiboa hartu zuen eta, ahal zen neurrian, laneratze prozesua amaitu duten pertsonak kontratatzeko konpromisoa hartu zuen.

  Baina 2020an ez zen halako kontrataziorik izan gurean, herriko enpresek ez zuten aipatu dirulaguntzarik eskatu, eta ondorioz, Ulma taldeak funtsara egin zuen diru ekarpena itzultzea erabaki du Udalak. Ulma fundazioari jarritako 10.000 euroak itzuliko zaizkio eta aurrera begira, hitzarmena berritzeko aukera aztertuko dute hiru aldeek, Udalak, Bidebarri enplegu zentruak eta Ulma Fundazioak.

  Gizarteratze eta laneratze prozesua amaitzen duten pertsonak kontratatzen laguntzeko diru funtsa 2018an eratu zen, bi urterako, hasieran, baina 2020an berritzea erabaki zuten hiru aldeek.

Iturria: Oñati Irratia

LANERATUZ hitzarmenaren berritzea 2020an