Ia 86.000 euro banatuko ditu udalak herriko ikastetxe eta guraso elkarteen artean

2018/04/16
Onartu berri diren diru laguntzen % 60a ordainduko da orain

  0 eta 18 urte bitarteko hezkuntza mailan diharduten herriko ikastetxeak dira udalaren diru-laguntza jasotzen dutenak.  Eskaera lauk egin dute aurten: Zuazola-Larraña institutuak, Elkar Hezik, Errekalde herri eskolak eta Txantxiku ikastolak. Guztien artean, 2017-2018 ikasturtean, 81.500 euro banatzea onartu berri du gobernu taldeak. Ikastetxeek aurkeztu eta onartu diren diru laguntzen % 60a ordainduko da orain, ia 49.000 euro.

  Iazko otsaileko Osoko Bilkuran onartu ziren herriko ikastetxeei eta bertan diharduten guraso elkarteei ematen zaizkien diru laguntzen oinarri arautzaileak. Aurrekoekiko aldaketa pare bat egin zen: urteetan aldatzen joan den legedira egokitzeko oinarriak eguneratu ziren, batetik, eta ikastetxeei zuzendutako diru laguntzak banatzeko irizpideak errebisatu ziren, bestetik. Hala, hiru irizpide nagusi baloratzen dira ikastetxeei diru laguntzak ematerakoan: ikasle kopurua, aurkeztutako ekintzen programa eta hizkuntza normalizazioa.

  Guraso elkarteei dagokienean, Zuazola-Larraña, Elkar Hezi, Errekalde herri eskola eta Txantxiku ikastolako guraso elkarteek jasoko dute udalaren diru-laguntza. Guraso elkarteen atalean aurkezten duten ekintza programa da baloratu eta diruz babesten dena. Ikasturte honetarako aurkeztu duten egitasmoen arabera, herriko ikastetxeetan diharduten guraso elkarteei 7.000 euro pasatxo banatzea erabaki da. Orain dena den, onartu den diru-laguntzaren % 60a emango zaie hauei ere eta gainontzekoa, fakturen bidez egiaztatuko den likidazioa egiterakoan. 2017-2018 ikasturteari dagokion kontu kitatzea, irailaren 30a baino lehen egin beharko dute bai ikastetxeek eta baita guraso elkarteek ere.

  Egun gutxi barru egingo den ordainketan, lau ikastetxeen artean 48.900 euro jasoko dituzte eta guraso elkarteek, 4300 euro.

Iturria: Oñati Irratia