Ia 6.700 ikasle pasatu dira 2018-2019 ikasturtean Natur eskolatik

2019/07/19
Hirutik bi Oñatikoak izan dira

  Ikasturte berezia izan da amaitu berri dena Natur eskola zuzentzen duen Tantai Naturlanak enpresarentzat, eraikina berritzen ari baitira. Horrek, Eltzian kokatu duten behin-behineko egoitza prestatzeaz gain Olakuako eraikina hustu eta leku aldaketa eragin du. Ikasturteko programaketari aurre egiteko Natur eskolako erakusketa egoitza berrira moldatu, azpiegitura egokitu eta material berria eskuratu beharra ere eragin du. Lan guzti horiek ikasleei harrera egin eta ikastetxeekin adostutako programak garatzeko egunerokoarekin uztartu dituzte Natur eskolako arduradunek. Ikasturtea amaituta, 2018-2019ko balantzea aurkeztu berri diote Udalari.

  Guztira, 6.366 ikasle, irakasle eta herritarrek parte hartu dute Natur eskolak antolatutako ekintzetan. Ikasle gehienak, kasik hirutik bi Oñatikoak izan dira, konkretuki, 4.039. Gainontzeko 2.327ak Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritakoak izan dira. Adinaren arabera eta eskola kurrikuluma oinarri hartuta, hezkuntza eskaintza zabala egiten du Natur eskolak, gelan sarritan teoria mailan ikasten dena, aktibitate eta bisita ezberdinen bitartez praktikan eta bertatik bertara ikasteko aukera eskainiz.

  Natur eskolako eskaintza doan da herriko ikastetxeentzat baina kanpotik datozenek 4 € ikasleko ordaindu behar dute. Ikasturtean izandako bisita balantzearekin batera, diru kontuen berri ere eman dio Tantai enpresak Udalari, kanpotik etorritako ikasleen kuotetatik 8.528 euro jaso dituztela jakinaraziz. Diru kopuru horren erdia otsaila-martxoan antolatu ohi den Ingurumen astea finantzatzera bideratuko da.

  Natur eskola hartzen duen eraikina eraberritzen ari dira eta horrek bisitari kopuruan ere eragin du, aurreko ikasturtean 7.191 ikasle izan baitzituzten. Birgaitze proiektua bioeraikuntza eta bioklimatika kontzeptuak erabiliz osatu zen eta amaieran, eraikina energetikoki oso eraginkorra izateko helburuz. Bide batez, Natur eskolak duen funtzio pedagogikoa balioan jarriz.

  Eraikinaren kanpoko itxura bereziki aldatu da hilabete hauetan, fatxada nagusia lasto fardoz isolatu eta egurrezko estruktura batez estali baita. Sarreran portxe moduko bat egin da eraikinaren goiko solairuan terraza sortzeko. Fitoarazketa sistema berria jartzeko zuloa ere prestatu da. Lanen hurrengo fasean, eraikinaren barruko ekipazioa  egingo da. Bigarren fase hori esleitze prozesura ateratzeko baldintza eta oinarriak prestatzen ari dira.

Iturria: Oñati Irratia