Ia 500 mila euro jasoko ditu udalak aurten Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga kontzeptuan

2020/10/01
Iaz baino diru gutxiago jasoko da, bideratutako erreziboak gutxitu baitira

  Urtean milioi bat euro baino gehiago fakturatzen duten enpresek ordaindu behar dute Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga. Ordaindu beharrekoa asko izaten da eta baten gora behera nahikoa da udalak izango duen diru sarreran nabarmen eragiteko. Are gehiago, 11 errezibo gutxiago bideratu badira. Iaz, Oñatiko 177 enpresek izan zuten milioi bat euroren gaineko fakturazioa, aurten 166k. Horrek, ia 23 mila euro gutxiago jasotzea eragingo dio udalari. Guztira, IAE deritzon zerga kontzeptuan 499.750 euro jasoko ditu aurten.

  Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga kalkulatzeko enpresen fakturazioa oinarrizko aldagaia den arren, langile kopurua eta beste zenbait faktore hartzen dira kontutan. 2017az geroztik esaterako, enpresa bakoitzaren negozio bolumena begiratu eta negozio zifra garbiarekiko koefizientea deritzona aplikatzen du Oñatiko udalak IAE-a kalkulatzerakoan.

  IAE deritzona ordaindu behar duten enpresa gehienek ordainketa helbideratuta dute. Horiei dagokien kargua azken egunean, azaroaren 10ean egingo zaie. Karguaren data jakinaraziz eta udalaren esku dauden kontu korronte zenbaki eta bestelako datuak egiaztatu ditzaten eskatuz gutuna bidaliko zaie udaletxetik. Gainontzekoei, hau da, ordainketa helbideratu gabe duten 45 enpresei, erreziboak datozen egunotan bidaliko zaizkie, ordaintzeko borondatezko epea azaroaren 10ean amaitzen dela azpimarratuz.

Iturria: Oñati Irratia