Ia 4.300 ikasle pasatu ziren 2019-2020 ikasturtean Natur eskolatik

2020/10/07
Card image cap
Covid-19ak sortutako alarma egoerak guztiz baldintzatutako kurtsoan, aurrekoan baino 2.000 ikasle gutxiago hartu zituzten

  Eltzian hasi zuten ikasturtea Natur eskolako hezitzaileek, egoitza duten eraikina berritzeko lanek jarraitu egiten baitute. Baina bisitari gehien hartzen dituzten udaberriko hilabeteetan ateak itxi zituzten Covid-ak eragindako osasun alarma tarteko. Eta horrek guztiz baldintzatu du Natur eskolaren jarduna eta ekintzak egitera bertaratu diren erabiltzaileen kopuruak. 

  Guztira, 4.297 ikasle, irakasle eta herritarrek parte hartu zuten Natur eskolak antolatutako ekintzetan. Gehienak, lautik hiru, Oñatikoak izan ziren, konkretuki, 3.312. Gainontzeko 985ak Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritakoak izan ziren. Aurreko urtean 4.000 oñatiar inguru hartu zituzten Natur eskolan. Kopuruek garbi adierazten dute Oñatiko ikasle eta herritarrak, nagusiki, udazken-neguan joan ohi zirela Natur eskolara, eta ondorioz, alarma egoerak ez zuela hainbesteko eraginik izan bisita horietan. Baina egun osoko ekintza programa burutzera etorri ohi diren kanpoko ikasle taldeak bai, bete-betean harrapatu zituen martxotik ekainerako egoera bereziak. 2018-2019an etorri ziren kanpoko ikasleen % 42a bakarrik hurbildu ziren aurreko ikasturtean.

  Natur eskolako eskaintza doan da herriko ikastetxeentzat baina kanpotik datozenek 4 € ikasleko ordaindu behar dute. Azken ikasturtean izandako bisita balantzearekin batera, diru kontuen berri eman dio Tantai enpresak Udalari, kanpotik etorritako ikasleen kuotetatik 3.588 euro jaso zituztela jakinaraziz. Diru kopuru horren erdia otsaila-martxoan antolatu ohi duten Ingurumen astea finantzatzera bideratuko da.

  Natur eskola hartzen duen eraikina eraberritzen jarraitzen dute. Birgaitze proiektua bioeraikuntza eta bioklimatika kontzeptuak erabiliz osatu zen eta amaieran, eraikina energetikoki oso eraginkorra izateko helburuz. Bide batez, Natur eskolak duen funtzio pedagogikoa balioan jarriz. Gauzak ondo, Eltzian hasi duten ikasturte berri hau Natur eskolan bertan amaitzea espero dute Tantai enpresako arduradunek. Bide batez, Covid-19ari aurre egiteko Kontingentzia Plana landu dute Natur eskolako arduradunek, bai ikasleei begira baita herritarrei zuzendutako jardueretarako ere.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!