Ia 18 milioi euroko aurrekontu proposamena osatu du Gobernu Taldeak datorren urterako, aurtengoa baino % 10 baxuagoa

2016/12/22
Card image cap
Gaia Ogasuna Batzordean eztabaidatu da baina bere horretan onartu ala ez arratsaldeko Osoko Bilkuran erabakiko da

  Euzko Alderdi Jeltzaleak pasa den ostegunean erantzun zion EH Bilduren proposamenari bere ekarpenak eginez. Gaur goizean berriz, Ogasuna Batzordeak osteguneroko bilera egin du eta bertan gaiaren inguruko azken-aurreko eztabaida izango zen, azkena, gaur arratsaldeko Osoko Bilkuran izango baita. Ez dago berririk goizeko eztabaida horren inguruan, ez da jakinarazi oposizioak zein jarrera hartu duen. Aurrekontu proposamenaren alde edo kontra bozkatuko duen arratsaldeko bilkuran ikusiko da.

  Udal gobernu taldeak, esan bezala,  ia 18 milioi euroko aurrekontua prestatu du 2017rako, aurtengoa baino %10 baxuagoa. Inbertsioen atalean %37aren jaitsiera aurre ikusten da baina gastu soziala mantenduz. Alkateak jakinarazi zuenez, 2017ko aurrekontu proposamena orekatua da eta sarrera arruntek gastu arrunta estaliko dute. Gastu arrunta  % 2,15 jaitsiko da eta sarrera arruntak aldiz, %3,74 igotzea aurreikusten da. Ondorioz, 2017ko aurrekontua aurrezki arrunt positiboz itxiko litzateke. Horrek, udalaren zorra aipatzera garamatza. 2016a, 2.055.000 €ko zorpetze biziarekin ixtea aurre ikusten du gobernu taldeak, azken hamarkadetako zor baxuenarekin. Ia 18 milioi euroko aurrekontu orokor hori, zein egitasmo nagusietara zuzenduko den azalduko da arratsaldeko Osoko Bilkuran, bide batez, jeltzaleen iritzi eta jarrera ere ezagutuko dira.

  Abenduko Osoko Bilkura berezia izaten da hurrengo urteko aurrekontuak onartu ohi direlako baina gaurkoa are eta bereziagoa izango da, ohiko ordutegia baino ordubete lehenago hasiko delako, 18:30tan alegia. Bilkuraren hasiera aurreratu egin da gai garrantzitsu ugari aztertuko direlako, 2017ko aurrekontu orokorra eta honi lotuta, 2017ko udal plantilla organikoa eta lanpostuen zerrendan aldaketak egiteko proposamena, baina baita gazteen aisialdirako lokalak arautzeko udal ordenantzaren aldaketa ere. Gai honen inguruan bada beste nobedaderik arratsaldeko Osoko Bilkurarako, gazteen aisiarako eta elkartzeko gune diren lokalak erregularizatzeko diru laguntzak ematea proposatuko baita. Diru laguntza horiek arautzen dituzten oinarriak eztabaidatuko dira gaurko Osoko Bilkuran. Kurtzekua kaleko 3-4 zenbakitan eraikitzen ari zen 12 etxebizitzen eta lokalen eraikuntza gelditua eta honen orubea derrigorrezko salmenta egoeran aldarrikatzearen gaia ere azalduko da bileran.

  Osoko bilkurarako lan zerrendan 14 gai jaso dira. Bilera luzea aurreikusten da eta ondorioz,  18:30tan hasiko da. Oñati Irratiak zuzenean eskainiko du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!