Hotz Oñati taldeak ekimen berriak ditu esku-artean

2019/02/06
Card image cap
Taldearen egoitza Kale Barriako 54an dagoen lokalean egokitu du eta zozketa solidarioak egingo ditu hilero

  Lagundu laguntzen lema hartu zuen hasieratik Hotz Oñati taldeak. Hasieran Siriako gerratik ihesi, baina egun, munduko bazter ezberdinetatik Europara iristen diren errefuxiatuei laguntzeko xedez, hainbat herritar boluntario ari da taldean lanean. 2016an eratu zen taldeak egoitza estreinatuko du bihar Kale Barriako 54an. Azken urteetan Gure esku dago taldeak erabili duen lokala egokitu du Hotz Oñatik eta duten materiala eskuratzeko, nahiz taldekideekin harremanetan jartzeko, topagune bihurtuko da aurrerantzean.

  Kale Barria 54ko lokal horretan gurean arrakasta handia lortu duten katilu solidarioak eskuratu ahal izango dira, besteak beste. Halako 1.500 saldu direla jakin dugu astean. Errekaldeko dendan, Turismo bulegoan eta Txokolateixan ere erosi daitezke.

  Baina egoitza berria estreinatzea ez da Hotz Oñatik duen nobedade bakarra, otar solidarioak zozkatzen hasiko baita otsaila honetan bertan. Ulma Handling eta Packaging-ek egindako ekarpenei esker hainbat otar osatuko dituzte eta horiek hilero zozkatuko dituzte. Zozketarako txartelak euro batean salduko dira aipatutako Kale Barriako lokalean eta hilean behin, larunbatetako azokan ere bai. Otar solidarioen zozketa bera, larunbatetako azokan egin asmo dute hilean behin. Ekimen berri honetatik lortutako diru guztia errefuxiatuei laguntzera bideratuko da.

  Dirua ez ezik, materiala bildu eta bidaliz ere laguntzen du Hotz Oñati taldeak. Atzo bertan, Jerezerako bidean jarri da errefuxiatu nerabeentzat Oñatin batu zen arropa eta oinetako bilduma berria. Andaluziatik jaso zen laguntza eskaerari erantzunez, gaztetxoentzako material bilketa kanpaina  berezia egin zuen Hotz Oñatik herriko ikastetxeekin elkarlanean, pasa den abenduan. Orduan jasotako material gehiena egun gutxiren bueltan helarazi zen Jerezera. Baina ez dena. Atzo, bigarren furgoneta bat bete material irten zen Andaluziarantz.

  Eta Andaluziako kostaldera iristen diren nerabeentzat bezala, Sirian egoera prekarioan bizi direnei laguntzeko ere, Oñatitik eta Hotz taldearen bitartekaritzaz bidali zen materiala banatzen ari dira jada. Jantzi Negua kanpainaren baitan, Donostiako Zaporeak taldeak arropa eta oinetako bilketa berezia egin zuen Gabonen atarian. Hotz Oñati eta Hermansoloña taldeek aktiboki parte hartu zuten eta Kale Zaharreko biltoki-lokalean zeuden neguko jantzi eta oinetakoak prestatu eta bidali zituzten. Materialaren zati bat Greziara iritsi zen bertan dauden errefuxiatuei banatuz. Beste zati bat Siriara iritsi berri da Refugee 4 refugees elkartearen bitartez. Material hori aste honetan banatzen ari direla jakinarazi du Hotz Oñati taldeak. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!