Hondakinen bilketa zerbitzuan aldaketak egongo dira Gabonetan

2020/12/19
Abenduaren 24 eta 31n hondakinak eguerdian atera beharko dira eta traste zaharren bilketa asteazkenera aurreratuko da, datozen bi astetan

  Mankomunitateak hondakinen bilketa zerbitzuan aldaketak egingo ditu Gabonetan, ohikoa denez, zerbitzua eskaini eta langileen jai eskubidea uztartzeko. Datozen bi astetan izango diren aldaketen berri zabaldu du jada Debagoieneko mankomunitateak. Hala, abenduaren 24 eta 31n 13:00etarako atera beharko dira hondakinak bilketa puntuetara. Ostegunarekin etorriko dira Gabon eta Gabon Zahar egunak, hau da, errefusa atera ohi den egunarekin, eta ondorioz, kubo grisak 13:00tarako atera beharko dira; bilketa kamioiak ordu horretan abiatuko baitira, zerbitzua arratsaldeko lehen ordutan osatzeko. Gauean ez da bilketarik egingo.

  Eta ostegunak izaki abenduaren 24 eta 31n atera beharko liratekeen traste zaharren bilketa egunez aurreratuko da, asteazken ilunkaran atera beharko dira, abenduaren 23an eta abenduaren 30ean, hain zuzen ere. Traste zaharrak atera eta biltzeko eguna aurreratu egingo da datozen bi asteotan baina funtzionamendua ohikoa izango da. Horrek esanahi du bolumen handiko trasteak atera aurretik abisua eman beharko dela mankomunitatean, zer eta nora aterako den jakinaraziz. Horretarako, honako telefonora deitu eta erantzungailuan mezua utzi beharko da: 943 711 938.

  Urrutxuko Garbigunea zabalik izango da abenduaren 24 eta 31n baina larunbatetako ordutegian, hau da, goizez bakarrik, 9:00tatik 13:30tara.

  Industria guneetako bilketa zerbitzuan ere egokitzapenak egin ditu mankomunitateak baina horiek zuzenean jakinarazi zaizkie enpresei.  Mezurik jaso ez dutenek honako telefonora deitu dezakete argibideak jasotzeko: 943 504 721.

Iturria: Oñati Irratia