Hondakinen bilketa aurreratu eta arratsaldeko lehen ordutan beteko da bihar

2015/12/30
Errefusaren kubo grisa eguerdian atera beharko da

  Pasa den astean bezala, bihar ere, hondakinen bilketa-kamioiak 13.30etan irtengo dira zerbitzua betetzera. Horrek esanahi du, normalean, iluntzean atera ohi den errefusa lehenago atera beharko dela. Mankomunitateko arduradunek, kubo grisak 12.00etatik 13.00a bitartean ateratzeko eskaera egin dute. Eta ez behintzat, iluntzean, behin kamioiek bilketa egin ondoren. Neurri honekin,hondakinen bilketa zerbitzua ziurtatu baina aldi berean, horretan diharduten langileen jai eskubidea bermatu nahi du Mankomunitateak. Normalean gaueko lan txanda betetzen badute ere, bihar egunekoa jarri zaie eta hondakinak batu ondoren Gabon Zahar gaueko ospakizunez gozatzeko aukera izan dezaten.

  Etxeko hondakinen bilketan aldaketak dauden bezala, komertzio, ostalari eta industriei ematen zaien zerbitzuan ere aldaketak izango dira bihar-etzi. Urtarrilaren 1ean komertzio eta ostalaritza lokalei ez zaie goizeko hondakin bilketa zerbitzurik emango. Hauei ere errefusa batu behar zitzaienez, edukiontzi grisa, hurrengo egunean, larunbatean batuko zaie eta kartoia berriz, astelehenean.

  Industrian ere Urteberri egunean ez da zerbitzurik beteko. Bihar, errefusaren bilketa berezia egingo da, egunari dagokion organiko bilketarekin batera. Baina zerbitzu berezia erabili ahal izateko, eskaera, abenduaren 23a baino lehen egin behar zen.

Iturria: Oñati Irratia