Hondakinen % 81,16 gaika bildu zen Oñatin iaz

2017/02/16
Card image cap
Atez ateko bilketa sistema indarrean jarri zenetik egonkor mantentzen da

  2016ko gaikako bilketaren datuak eman ditu astean Debagoienako Mankomunitateak. Eskualdean, gaikako bilketan, %80ko ratioa gainditu zen lehenengo aldiz. Oñatin, bataz besteko horren gainetik, puntu bat altuagoa mantentzen da gaikako bilketaren portzentajea. Eta mantentzen dela diogu, 2013an, atez ateko bilketa sistema indarrean sartu zenetik, % 81aren inguruan dabilelako, gora behera txikiekin. Mankomunitate mailan bai, 2015etik 2016a bitartean ia bi puntu eta erdiko igoera izan zen gaikako bilketan. Kontu egin behar da, iaz aldaketa ugari eman zirela eskualdeko hainbat herritan: Aretxabaletan, Bergaran eta Eskoriatzan 5. edukiontzia jarri zen eta Aretxabaleta eta Bergarako komertzioetako bilketan ere sistema berria jarri zela martxan.

  Hondakinen gaikako bilketan ez da alde handirik eskualdeko herrien artean. Gutxien bildu zen herria Aretxabaleta izan zen % 79 pasarekin eta gehien Antzuola, % 84arekin. Bata eta bestearen arteko aldea 5 puntura ere ez zen iritsi. Hori deigarria dela adierazi zuten Mankomunitateko ordezkariek, gutxitan gertatzen baita. Debagoienako herriek gainera, bilketa sistema ezberdina dute. Baina herritarren kontzientzia eta inplikazio altuak emaitza bikainak eragin ditu eskualdeko herri guztietan.  Etorkizuneko erronka hobetzen jarraitzea dela azpimarratu zen astearteko prentsaurrekoan eta horretarako, debagoiendarrak inplikatuta jarraitzea ezinbestekoa dela gaineratu zen.

   Debagoienako herrien artean alde handirik ez badago ere, eskualdea eta Gipuzkoa artean bai: birziklatze ratioa 30 puntu handiagoa da Debagoienean eta ondorioz, jasotzen den errefusa ere nabarmen gutxiago; Gipuzkoan jasotako hondakinen erdia kasik, %49a errefusa da eta Debagoienean aldiz, % 19 bakarrik. Jasotako beiraren eta paperaren kopuruak berdintsuak dira eskualdean eta herrialdean baina ontzi arinena bikoitza da Debagoienean. Horrek, ondorio ekonomiko garrantzitsua du, ontzi arinen zatiak etekin ekonomiko handienak baitakarzkio Debagoienako Mankomunitateari.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!