Hitzordua hartzeko berrikuntzekin dator 2020ko gripearen aurkako txertaketa kanpaina

2020/10/06
Aurreko urteetan txertatu direnei zuzenean deituko zaie txanda emateko, gainontzekoek, anbulatorioan eskatu beharko dute

  Datorren asteartean, urriaren 13an hasiko da ofizialki gripearen aurkako  txertaketa kanpaina gurean. Baina pandemia dela eta, neurri bereziak hartu dira pazienteen eta profesionalen segurtasuna eta txertatuen erosotasuna handitzeko. Aurreko urteetan txertatu direnei zuzenean deituko zaie bakuna hartzeko eguna eta ordua zehaztuz. Lehen aldia dutenek anbulatoriora deitu beharko dute edo ohiko kontsultara doazenean jarriko zaie. Hori bai, deitzekotan, 9:30tatik 13:00era bitartean deitzea eskatzen da, lehen orduan telefonoak gainezka egoten baitira.

  Oñatin jarriko diren lehenengo 1.200 txerto dosiak anbulatorioan dituzte jada. Baina kanpainak aurrera egiten duen heinean dosi berriak jasoko dituzte. 2.100/2.200 txertatu inguru izaten da gurean udazkenero gripearen aurkako kanpainan eta horien datuak Arrasatera bideratu dira, hitzorduak emateko deiak bertatik egingo baitira. Urtero txertatzen direnei beraz, lasai egoteko esan behar zaie, bakuna hartzeko txanda zuzenean jakinaraziko baitzaie. 65 urte edo gehiago izanik, edo gaixo kronikoa izanik, bakuna inoiz hartu ez dutenek anbulatorioan eskatu beharko dute txanda. Baina aurreneko asteetan lehentasuna izango dute patologia-aniztasuna dutenek, etxetik irteteko zailtasuna duten gaixo kronikoek eta iaz txertatutakoek.

  Datorren asteartean abiatuko den kanpainak bi hilabete iraungo du, eta hitzordua jaso arte lasai egoteko eskatu dute Debagoieneko OSItik,  kanpaina hasi orduko anbulatoriora ez joateko, alegia.

  Aurten gripearen aurkako txertoa hartzea bereziki garrantzitsua dela azpimarratu dute osasun arduradunek. Osakidetzaren kanpaina ohiko arrisku taldeei zuzenduta dago: 65 urte edo gehiago dutenei; diabetesa, bihotzeko gaixotasunak eta bronkitis kronikoa duten gaixo kronikoei eta haurdun daune emakumeei. Baita gizarte eta osasun arloan diharduten langileei eta etxean gaixoak zein adinekoak zaintzen dituztenei.

  Oñatiko anbulatorioan errefortzuko erizain bat izango da txertoak jartzen. Baina plantillako erizainek ere jarriko dizkiete ohiko kontsultetan artatzen dituzten gaixoei.

Iturria: Oñati Irratia