Hirukar, Altuna, Ibarrondo eta Haritza liburu dendek bat egin dute “Kultura bonuak” ekimenarekin

2017/12/04
20 eurotan eskuratutako bonuek 28 edo 32 eurorainoko erosketa egiteko aukera ematen dute

  Gipuzkoako 51 liburu denda  atxiki dira Foru Aldundiak sustatzen duen kultura bonoen kanpainara, tartean Oñatiko lau. Bat egin duten saltokiek bereizgarri bat izango dute, erraz identifikatu daitezen. Produktuak erosteko bonuek 12 edo 8 euroko hobaria izango dute hizkuntzaren arabera. Euskarazko liburu, disko edo DVDak erosteko hobaria 12 eurokoa izango da eta beste hizkuntzaren batean daudenak erosteagatik 8 eurokoa, kasu guztietan, bonuaren prezioa 20 eurokoa izango da eroslearentzat.

  Gaur bertan jarri dira salgai kultura bonuak, guztira, 8854. Horietatik 3542 euskarazko produktuak erosteko dira eta gainontzeko 5312ak beste hizkuntzetakoak erosteko. Euskarazkoak gutxiago dira aurreko urteetan eskaera txikiagoa izan dutelako baina esan bezala, hobari handiagoa dute; 20eurotan erosi eta 32 euroko balioa duten produktuak eskuratzeko aukera ematen dute euskarazko bonuek.

  Oñatin lau dira Foru Aldundiaren ekimenera bildu diren liburu dendak: Hirukar, Altuna, Haritza eta Ibarrondo. Lauretan, liburuak, musika edozein euskarritan eta filmak erosteko bonuak eskuratu daitezke eta noski, bertan gastatu ere bai.
Produktuak erosteko bonuak urtarrilaren 15era arte erabili ahal izango dira.

  Ekimen honen helburua da herritarrei laguntzea kultur ondasunak eta produktuak eskuratzen eta kultur sektoreko enpresak indartu eta eredu kultural jasangarriagoa sustatzea.

Iturria: Oñati Irratia