Hirugarren urtez, aisialdiko begirale ikastaroa antolatu du Udalak

2016/09/07
Eusko Jaurlaritzak homologatutako titulu ofiziala eskuratzeko ikastaroa Oñatin eta euskaraz emango da

  Haur eta gazteen aisialdirako begirale ikastaroa, teoria eta praktika uztartuko dituen ikastaroa da. Urrian hasi eta maiatzera arte luzatuko da eta larunbatetan emango da, 9.00-14.00 eta 15.00-18.00. Horri, hiru asteburu osoko jarduna batu behar zaio. Guztira, 204 teoria-ordu eta 120 praktika osatuko dira.

  Udalak antolatutako formazio ikastaro honetan parte hartzeko, adinez nagusi izan behar da edo gutxienez,  2017an 18 urte betetzea. Titulua eskuratzeko ezinbestekoak diren praktikak egiteko, 18 urte beteta izatea eskatzen baita. Ikastaroak, 500 euroko matrikula kostua du baina udalak, herritarrentzako diru laguntzak emango ditu. Langabetu edo ikasleei matrikula kostuaren % 75a diruz lagunduz eta gainontzeko herritarren kasuan, matrikula erdia estaliz. Diru laguntza hauek eskuratu ahal izateko, Oñatin erroldatuta egon behar da eta ikastaroaren aprobetxamendu ona erakutsi behar da, titulua eskuratuz eta gutxienez, % 90eko asistentzia beteaz.

  Gaurdanik jada izena eman daiteke aisialdiko begirale ikastaro honetan. Azken eguna berriz, hilaren 23a izango da. Izena, udaleko web orrian sartuta eman behar da: www.oñati.eus atarian. Plazak mugatuak dira eta lehentasuna, oñatiarrek izango dute.

  Informazio gehiagorako, udaletxeko telefono zenbakira deituta, 943.780411 zenbakira deituta, Iñaki Akizurekin berba egin behar da. Gaztelekuko informazio puntuan ere galdetu daiteke. Zuzeneko  informazioa eskaintzeko helburuarekin hain zuzen ere, bilera irekia antolatu da datorren asteazkenerako, hilaren 15erako. Bilera, Bidebarrieta kaleko Euskaldun berria aretoan izango da 18.30tan hasita.

  Hirugarren urtez jarraian antolatu du Udalak era honetako formazio ikastaroa. Hasierako asmoa, bi urtean behin eskaintzea zen baina hasieratik izan duen arrakasta ikusita urtez urte egin da. Izen-ematea, gaurtik hilaren 23ra luzatuko da.

Iturria: Oñati Irratia