Hiru oñatiarrek parte hartuko dute Gipuzkoako Eskolarteko bat-bateko Txapelketan eta bostek "Gipuzkoa bertsotan" sailkapen fasean

2019/01/29

  2019a bertsoz gainezka etorriko da Gipuzkoan eta Txinparta Bertso Eskolak partaidetza berezia izango du datorren hilean hasiko den Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan eta udaberrian jokatuko den Gipuzkoa bertsotan sailkapen fasean. Gipuzkoako Eskolarteko bat-bateko txapelketan 3 oñatiarrek parte hartuko dute eta kanporaketetako bat, azkena, Oñatin jokatuko da.

  Ibarran abiatuko da otsailaren 15ean Gipuzkoako 39. Eskolarteko bat-bateko txapelketa eta bertan, Aitor Tatiegi oñatiarrak kantatuko du. Baina ez da parte hartuko duen herritar bakarra, Xabier Agirrek Orion eta Bittor Zubiagirrek Oñatin kantatuko baitute, martxoaren 15 eta 22an, hurrenez hurren. Aipatu kantu leku eta egun horiek aldatu egin daitezke oraindik, bertsolarien beharren arabera. Aldatuko ez dena partaidetza da, 23 gaztek izena eman baitute Gipuzkoako eskolarteko bat-bateko txapelketan eta lau kanporaketa izango dira, apirilaren 5ean, Lasturren jokatuko den finalekoaren aurretik. Kanporaketa bakoitzean puntu gehien lortzen dituen bertsolariak finalerako txartela zuzenean jasoko du eta beste lauak, puntuazioaren arabera sailkatuko dira. Iaz, Aitor Tatiegi finalekoan aritu zen.

  Eskolartekoaren azken kanporaketa Oñatin jokatuko da, Larrain Gain elkartean, martxoaren 22an eta bertso afari formatuan. Baina eskolartekoan  bapatekoa eta idatzizko sariketa jokatzen dira. Idatzizkoari buruzko programazioa osatzen ari dira Gipuzkoako Bertsozale elkartean.

  Aldi berean, udazkenean jokatuko den Gipuzkoako txapelketarako sailkapen fasea ere gertatzen ari dira Bertsozale elkartean. Gipuzkoa bertsotan sailkapen fasea maiatza eta ekaina bitartean jokatuko da eta horretan ere izango da oñatiarrik, Txinparta bertso eskolako 5 lagunek parte hartuko baitute: Maider Arregik, Gontzal Belategik, Urko Arregik, Urko Egañak eta Aitor Tatiegik. Deigarria da Aitor Tatiegiren partaidetza bikoitza Eskolartekoan eta Gipuzkoa bertsotan fasean. Aurten 18 urte beteko ditu eta horrek bi txapelketa horietan parte hartzeko aukera ematen dio. Udaberrian jokatuko den Gipuzkoa bertsotan fasearen amaieran jakingo da zein bertsolarik hartuko duten parte 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan.

Iturria: Oñati Irratia

Tatiegi eta Zubiagirre (Arg: DV)