Hiru oñatiar aurkezten dira legebiltzarrerako hauteskundeetara.

2012/09/19
Ainhoa Galdos Olazar, EAJko zerrendetan eta Manu Egaña Txopitea eta Aitor Lizarralde Aiastui, Euskal Herria Bildukoetan.

  Gaur bertan argitaratu dira Euskal Herriko aldizkari ofizialean urriaren 21eko hauteskundeetarako hautagaien zerrendak. 13 alderdi edo zerrenda aurkezten dira Gipuzkoan eta horietan 3 oñatiar: Ainhoa Galdos Olazar, egun zinegotzi eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako partaide ere badena Euzko alderdi Jeltzaleko zerrendetan 23.a da. Euskal Herria Bildu koalizioaren hautagaien artean berriz, beste 2 oñatiar aurkitu ditugu: Manu Egaña Txopitea, egun zinegotzi eta konkretuki kultura batzorde buru dena eta Aitor Lizarralde Aiastui. Manu Egaña EH Bilduko zerrendan 14.a da eta aitor Lizarralde 19.a.

  Gaur kaleratu diren hautagaitzetan beste izen ezagun ugari ikusi ditugu eta tartean Oñatirekin zer ikusia izan dutenak ere bai. Garai ezberdinetan Oñatiko udalbatzako kide izan ziren bi hautagai tartean: Arantxa Quiroga PPko zerrendaburua eta Blanca Roncal PSE-Euskadiko Ezkerrako 3. hautagai. Biak, legealdi ezberdinetan Oñatin zinegotzi izandakoak dira. 

  Hori beti ere gaur argitaratu diren zerrendak bere horretan mantentzen badira. Orain, egon daitezken akatsak zuzendu eta alegazioak edo inpugnazioak aurkezteko epea zabaltzen baita.  Horiek argituta, astebete barru, hilaren 25ean, aldarrikatutako hautagai zerrendak publikatuko dira. Gaur egin den argitalpenaren arabera, Gipuzkoarrok 13 hautagaitzen artean aukeratu ahal izango ditugu datozen lau urtetan Gasteizko legebiltzarrean ordezkatuko gaituzten 25 legebiltzarkideak. Ia aipatu ditugun, Euzko alderdi Jeltzalea, Euskal Herria Bildu, Partido Popular eta PSE-Euskadiko Ezkerra hautagaitzaz gain, Union progreso y democracia, Equo berdeak-euskal ekologistak, Partido animalista contra el maltrato animal, Escaños en blanco-aulki zuriak, Coalicion izquierda unida-los verdez-ezker anitza, Unificacion comunista de España, Bidezko mundurantz/por un mundo mas justo, Ezker batua-berdeak eta Partido humanista alderdien hautagaitzak izango baitira.

  Baina hauteskunde egunaren aurretik beste lan batzuk eta izendapen batzuk ere egin behar dira. Hauteskunde mahaitan egon beharko diren presidente eta bokalak aukeratzeko zozketa adibidez, datozen egunetan egingo da. Berez, hilaren 22 eta 26a arteko epea dago zozketa hori egiteko. Herrian irekiko diren 16 hauteskunde mahaitan egon beharko duten presidente eta bi bokal titular izendatuko dira eta kargu bakoitzerako beste bina ordezko. Guztira, 144 herritarri dagozkion zenbakiak aterako dira udaletxean egingo den zozketa horretan.

  Gogoratu bestalde, ikusmen arazoak izan eta braillie botoa eman nahi duenak, datorren astelehenera arteko epea duela dagokion eskaera egiteko. Era berean, urriaren 21ean botoa zuzenean eman ezin duenak, posta bidez eman dezake baina horretarako ere eskaera egin behar du edozein posta bulegotan. Posta bidezko botoa eskatzeko epea zabalik dago urriaren 11ra arte.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!