Hirigintza eta zerbitzuak eta pertsonal arloko gaiak nagusi dira arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean

2016/01/14
Card image cap
Gabon jaien ondoren, urteko lehen batzarra izango da

  Gabonetan udal batzorde informatiboen jarduna moteldu egin da eta horren ondorioz, Udal Gobernu Taldeak ez du asteroko bilerarik egin. Azkena, abenduaren 17an izan zen. Lau asteko etenaren ondoren beraz, 2016ko lehen Tokiko Gobernu Batzarra egingo da arratsaldean. Lan zerrendan, 35 gai jaso dira eta gehienak, ohikoa denez, hirigintza eta zerbitzuak batzordeari dagozkionak dira. Asko, herritarren idatziak eta etxeetan-eraikinetan lanak egiteko baimen eskaerak dira.

  Haurrak eta gaztedia batzordearen eskutik, Gaztelekuan urtarrilerako antolatu den egitaraua azalduko da. Kuboan, musika nagusi izango da eta asteburuetan ekintza ezberdinak izango dira: pelikula musikalen emanaldia, karaokea edota dantza saioa antolatu dira, besteak beste. Topalekuan berriz, gazteek herriaz duten ezagutza neurtzeko lehiaketa moduko bat prestatzen ari dira. Ekimenaren aurkezpena eskolaz-eskola egingo da orain, urtarrilean, baina lehiaketa bera otsailean hasiko da. Xehetasun horiek ere arratsaldeko bileran emango zaizkie gobernu taldeko kideei.

  Pertsonala eta barne antolamendua batzordearen eskutik berriz, udal langileen formazioaz eta soldataz berba egingo da. 2016rako udal langileen ordainsariak % 1 igotzeko aurre ikuspena egin du gobernu taldeak. Diru kontuekin jarraituz, 2012an Madrilgo gobernuaren aginduz udal langileek kobratu ez zuten abenduko aparteko pagaren erdia orain ordaintzea proposatuko da. Iaz jada, bi ordainketetan, erdia ordaindu zen. Beraz, oraingoarekin, zorra guztiz kitatuko litzeteke. Gaia, esan bezala, arratsaldeko bileran eztabaidatuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!