Hiri Antolaketarako Arauen aldaketaren behin behineko onarpena eta Herribusaren kudekaketa lizitaziora ateratzea proposatuko da gaurko Osoko Bilkuran

2017/06/29
Card image cap

  Pasa den urtarrileko Osoko Bilkuran hasierako onespena eman zitzaion Arau Subsidiarioen aldaketa puntualari. Arantzazuko harrobiaren ingurua bere baitan hartzen duen 4. zona deritzonaren erabilera arauak aldatzea onartu zen. Babes bereziko nekazaritza eta abelazkuntzarako eremu honetan erauzketa erabilera ezabatzea onartu zen, nekazaritza, abelazkuntza eta basogintza mantenduz. Horrela, harrobiaren balizko handitzeari muga jarri nahi izan zion udalbatzak.

  Hasiera batean onartutako aldaketa puntual hori jende agirian egon den denboran hiru idatzi eta alegazio bat jaso dira. Eusko Jaurlaritzaren Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendariak proposamena begi onez ikusten zuela jakinarazi zuen, Natura 2000 eremu baten gain eragin kaltegarriak izango lituzkeen jarduera baten garapena galarazten den heinean, hitzez hitz adieraziz. Arantzazuko harrobia kudeatzen duen Aridos Aloña enpresak berriz, aldaketaren kontrako alegazioa aurkeztu zuen. Gaia pasa den asteko Tokiko Gobernu Batzarrean aztertu zenean alegazioak ez onartzea erabaki zen. Gaia, gaurko osoko bilkurara eramango da Hiri Antolaketarako Arauen aldaketa puntuala behin behineko izaeraz onartu dadin.

  Herribusa edo bidaiarien hiri garraioko zerbitzu publikoaren kudeaketa lizitaziora ateratzea ere proposatuko da gaurko bileran. Iazko urrian, proba moduan, abiarazi zen herri barruko garraio zerbitzuaren balorazio ona egin du udalak eta aldi baterako kontratatu zen zerbitzua lizitaziora ateratzea erabaki da. Zerbitzuaren baldintzak eta kudeaketa kontratuaren ezaugarriak arratsaldeko osoko bilkuran aztertu eta onartzea proposatuko da.

  Bidebarrieta kalean udalaren jabetzapekoa den etxebizitza sozial baten alokairua, udal langileei helburuen araberako produktibitate osagarria aplikatzeko proposmana eta hainbat alkate dekreturen berri ere emango da. Lan zerrendan 10 gai jaso dira. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!