Hileroko odol ateraldiak Enpresagintza fakultatean egingo dira aurrerantzean

2016/11/04
Osasun zentroko ordu mugatuak behartu du toki aldaketa

  Iraila eta urriko odol ateraldiak osasun zentroan egin ondoren, bertako ordu mugatuak behartuta, tokiz aldatzea erabaki du Oñatiko Odol Emaileen Batzordeak. Aurrerantzean, odol ateraldiak Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza fakultatean, Ibarran dagoen eraikinean egingo dira. Lekua aldatu arren, ordutegia mantendu egiten da eta 17:00etatik 19:00etara izango da.

  Hurrengo ateraldia, azarokoa, datorren ostiralean, hilaren 11n izango da. Hori jada, Enpresagintza fakultatean, esan bezala. Abenduko ateraldiaren inguruan data aldaketa izan daitekeela aurreratu digute Odol Emaileen Batzordetik. Berez, abenduaren 9an jarrita zegoen baina Enpresagintza fakultatea itxita egongo denez, beste egun batean jartzea aurre ikusten dute. Dena den, data berria Donostiako taldearekin adostu behar denez, oraindik ez da zehaztu.

  Enpresagintza fakultatea, odol ateraldietarako aurten erabiltzen den hirugarren kokagunea izango da. Urteetan, Txantxiku ikastolan izan dira odol ateraldietarako hitzorduak eta urtea ere bertan hasi zen. Baina ikastolan egin diren birmoldaketa lanen ondorioz, irailean Osasun zentrora aldatu ziren. Bertako ordutegia ordea oso mugatua da eta bai irailean eta baita urriko hitzorduan ere, 19.00ak baino lehen hurbildu ziren emaile askori ezezkoa eman zitzaion odola ateratzeko nahikoa denbora ez zegoelako. Horrek ezinegona sortu zuen batzordeko kideen artean eta malgutasun gehiagoz aritzeko aukera emango lukeen toki berri baten bila hasi ziren. Enpresagintza fakultateko arduradunekin harremanetan jarrita kokagune berria bertan jartzea adostu zuten.

Iturria: Oñati Irratia