Hilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina gauerdian hasiko da.

2012/10/04
Card image cap
Gipuzkoan, 13 hautagaitza aurkezten dira.

  Hauteskunde kanpaina hasi aurretik, kartelak itsasteko panelak jarri ohi dira. Eta horretan ari dira udal langileak atzo ezkeroztik. Guztira 65 panel jarriko dira ohiko lekuetan: Bidaurretako errotonda inguruan, eta mojen monasterioko horman, Garay finkaren burdina-hesian, Galartza etxearen aurrealdean eta kultur etxeko horman. Foruen enparantzako arkupetan ere, zutabeetan, alderdien propaganda itsatsi ahal izango da. Gune bakoitzean 13na panel jarriko dira, 13 hautagaitza baitira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan aurkezten direnak. Euzko Alderdi Jeltzalea, Partido popularra, Partido socialista de Euskadi, Union Progreso y democracia, Euskal Herria Bildu, EQUO berdeak, Partido animalista contra el maltrato animal, Escaños en blanco-aulki zuriak, Coalición Izquierda unida-Ezker Anitza, Unificacion comunista de España, Bidezko Mundurantz, Ezker Batua-berdeak eta Partido humanista.

  Kartelak jartzeko leku jakinetan panelak kokatzen diren bezala, kanpaina ekitaldietarako guneak ere zehaztu dira. Baina kanpaina hasiera herriko jaixekin batera datorrenez, pentsatzekoa da, kanpaina ekitaldiak datorren astetik aurrera egingo direla, bai behintzat, hemen Oñatin.

  Hala ere,  hautagaitza ezberdinen kartelak aurreko egunotan jada ikusiko ditugu seguru. Egia da, ohiturak aldatzen ari direla eta kanpaina egiteko bideak ere aldatzen ari direla. Alderdi baten edo beste baten aldeko botoa eskatzeko geroz eta kartel gutxiago itsasten dira. Baina talde txikiek eta herritarren botoen lehian zuzenean sartzen diren alderdi handiegoek ere kartelen propaganda bideari eusten diote. Gauerditik aurrera, hartarako aukera izango dute, hauteskunde kanpaina orduan hasiko baita.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!