Higiezinezko ondasunen gaineko zerga ordaintzeko epea zabalik dago uztailaren 1era arte

2019/05/15
Card image cap
Ia 2.360.000 euro diru sarrera izango du udalak zerga honen kobrantzatik

  2016an gaurkotu ziren hiri-lurretan dauden ondasunen balio katastralak eta zenbait jabek gora-behera garrantzitsuak izan zituzten. Baina ordutik ez da aldaketa esanguratsurik izan. 2019an udal zerga eta tasak iazkoen pare mantentzea erabaki zen eta ondorioz, udalaren diru sarrerak pitin bat igoko dira higiezinezko ondasunen gaineko kontzeptu honetan, baina ez zerga garestitu edo jaso delako, baizik eta ondasun gehiago zergapetu direlako, hau da, agiri gehiago bideratu direlako, 64 gehiago. Hala, ia 2.360.000 euroko sarrera izango du guztira udalak ondasun higiezinen zerga kontzeptuan, iaz baino ia 18.500 euro gehiago.

  Etxe, lokal edo terreno baten jabe den orok ordaindu behar du udalaren kontribuziñoa.  9.697 ordainagiri  contribución urbana deritzon zergari dagozkio eta 1.414, rusticari.

  Aurten ere, inor erroldatuta ez dagoen etxebizitzei % 100eko errekargoa aplikatuko zaie. Halako 315 agiri bideratu dira aurten. Familia ugariek bestalde, ohiko etxebizitzaren kontribuziñoan % 15eko hobari orokorra jasotzen jarraitzen dute. 2012ko ordenantza fiskaletan zehaztu zenez, familia ugariek dituzten diru sarrerak kontutan hartzen dira hobaria aplikatzerakoan. Eskaera egin duten 170 familiei % 15eko hobari orokorra aplikatzen zaie eta egiaztatzen diren diru sarreren arabera hobaria handitu daiteke, % 50 edo % 90era arte. Baina horretarako urteko errenta aitorpena aurkeztu beharko da. Orokorrean aplikatu ohi den hobaria baino handiagoa jaso beharko luketela uste duten familia ugariek eskaera berezia egin behar dute urteko  errenta kanpaina amaitu ondoren, uztailean.

  Hobaria izan ala ez, guztiontzat zabalik dago gaurdanik contribución urbana eta rústica moduan ezagutzen diren zergak ordaintzeko epea. Ordainketa helbideratu gabe dutenei postaz bidali zaie higiezinezko ondasunen gaineko zergaren ordain agiria. Besteei, kutxa edo banketxearen bitartez iritsiko zaie. Ordainketa helbideratuta dutenei ekainaren 6an egingo zaie kargua. Higiezinezko ondasun gaineko zerga ordaintzeko epea uztailaren 1ean amaituko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!