Higiezinezko ondasunen gaineko zerga ordaintzeko epea zabalik dago ekainaren 30era arte

2018/05/15
Katastro balioak bere horretan mantentzen dira baina karga tasa pitin bat jaso da hiri-lurretan dauden ondasunetan

  2016an gaurkotu ziren hiri-lurretan dauden ondasunen balio katastralak. Ondorioz, ez dira aldatu. Baina zerga kobratzerakoan udalak aplikatu ohi duen karga tasa pitin bat jaso da. Horrek, udalak izango duen diru sarreran islatuko da, guztira 2.281.000 euro biltzea espero baita, iaz baino 13.000 euro gehiago. Landa-lurretan kokatuta dauden ondasunei dagokionean ez dago aldaketarik eta hauei aplikatu ohi zaien zergatik 60.000 euro pasatxo batuko ditu udalak, iazkoaren pare, gutxi gora behera.

  Etxe, lokal edo terreno baten jabe den orok ordaindu behar du udalaren kontribuziñoa.  9.654 ordainagiri  contribución urbana deritzon zergari dagozkio eta 1393, rusticari. Aurten ere, inor erroldatuta ez dagoen etxebizitzei % 100eko errekargoa aplikatuko zaie. Halako 339 agiri bideratu dira aurten.

  Familia ugariek bestalde, ohiko etxebizitzaren kontribuziñoan % 15eko hobari orokorra jasotzen jarraitzen dute. 2012ko ordenantza fiskaletan zehaztu zenez, familia ugariek dituzten diru sarrerak kontutan hartzen dira hobaria aplikatzerakoan. Eskaera egin duten guztiei % 15eko hobari orokorra aplikatzen zaie eta egiaztatzen diren diru sarreren arabera hobaria handitu daiteke, % 50 edo % 90era arte. Baina horretarako urteko errenta aitorpena aurkeztu beharko da. Orokorrean aplikatu ohi den hobaria baino handiagoa jaso beharko luketeela uste duten familia ugariek eskaera berezia egin behar dute urteko  errenta kanpaina amaitu ondoren, uztailean.

  Hobaria izan ala ez, guztiontzat zabalik dago gaurdanik contribución urbana eta rústica moduan ezagutzen diren zergak ordaintzeko epea. Ordainketa helbideratu gabe dutenei postaz bidali zaie jada higiezinezko ondasunen gaineko zergaren ordain agiria. Besteei, kutxa edo banketxearen bitartez iritsiko zaie. Ordainketa helbideratuta dutenei ekainaren 8an egingo zaie kargua. Higiezinezko ondasun gaineko zerga ordaintzeko epea ekainaren 30ean amaitzen da.

Iturria: Oñati Irratia