Higiezinezko Ondasunen gaineko Zerga ordaintzeko epea zabalik dago ekainaren 30era arte

2017/05/19
Iaz eguneratu ziren katastro balioen araberako lehen zerga ordainketa izango da

  Eta hori antzemango da udalak jasoko duen diru kopuruan. Gaurkotu ziren balio katastralak hiri lurretan dauden ondasunei dagozkio, hau da, urbana moduan ezagutzen direnak. Udalak, hauei aplikatutako zergaren igoera % 2a izateko irizpide nagusia finkatu zuen, baina zenbait kasutan izan diren funtsezko aldaketen ondorioz, igoera orokorra, aurreikusitakoa baino handiagoa izan da, % 5,7 hain zuzen ere.  

  Etxe, lokal edo terreno baten jabe den orok ordaindu behar du udalaren kontribuziñoa.  9.627 ordainagiri  contribución urbana deritzon zergari dagozkio eta 1378, rusticari. Udalak, hiri lurretan dauden higiezinezko ondasunen gain aplikatzen den zerga honetatik aurten 2.268.102,33 euro jasoko ditu. Iaz baino kasik 123.000 euro gehiago. Alde handi hori, esan bezala, gaurkotutako balio katastralen gain aplikatu delako eta horietako zenbaitetan funtsezko aldaketak egon direlako da. Landa lurretan kokatzen diren higiezinezko ondasunen gaineko zergari dagokionean, errezibo kopurua apenas igo da, 3 gehiago bideratu dira eta diruari dagokionean ez dago aparteko alderik.

  Aurten ere, inor erroldatuta ez dagoen etxebizitzei % 100eko errekargoa aplikatuko zaie. Halako 349 agiri bideratu dira. Familia ugariek bestalde, ohiko etxebizitzaren kontribuziñoan % 15eko hobari orokorra jasotzen jarraitzen dute. 2012ko ordenantza fiskaletan zehaztu zenez, familia ugariek dituzten diru sarrerak kontutan hartzen dira hobaria aplikatzerakoan. Hala, guztiei % 15eko hobari orokorra aplikatzen zaie baina egiaztatzen diren diru sarreren arabera hori handitzeko aukera dute. Hobaria % 50 edo 90era arte jaso daiteke baina horretarako, urteko errenta aitorpena aurkeztu beharko da. Familia ugarientzako hobariak aplikatzeko 2016 errenta kanpaina amaitu arte itxarongo da, uztailera arte itxarongo da.

  Hobaria izan ala ez, guztiontzat zabalik dago jada, contribución urbana eta rústica moduan ezagutzen diren zergak ordaintzeko epea. Ordainketa helbideratu gabe dutenei postaz bidali zaie jada higiezinezko ondasunen gaineko zergaren ordain agiria. Besteei, kutxa edo banketxearen bitartez iritsiko zaie. Azken hauei, ordainketa epe erdialdera, ekainaren 9an kargatuko zaie, hori da behintzat asmoa. Higiezinezko ondasun gaineko zerga ordaintzeko epea ekainaren 30ean amaitzen da.

  Bide batez, eta udalak kobratzen dituen zergez ari garelarik esan, Trakzio Mekanikodun ibilgailuen Zerga ordaindu gabe duten 261 herritarrei gutun bana bidali zaiela gaur, zerga, % 5aren errekargoz kobratuko zaiela jakinaraziz. Apirilaren 25ean amaitu zen zirkulazio zerga ordaintzeko borondatezko epea eta ordaindu ez duten lagun horiei errekargoa aplikatuko zaie. Beti ere, ekainaren 23a baino lehen ordaintzen badute. Hortik aurrera, zigor ekonomikoa handiagoa izango da.

Iturria: Oñati Irratia