Higiezinezko ondasunen gaineko zerga ordaintzeko epea zabalik dago ekainaren 30era arte

2016/05/16
Inor erroldatuta ez dagoen etxebizitzei errekargoa aplikatuko zaie hirugarren urtez

  Inor erroldatu gabeko etxebizitzen jabeei gutuna bidali zitzaien otsaila inguruan, Udalak zehaztutako salbuespenak egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu ezean, higiezinezko ondasunen gaineko zerga % 100 igoko zitzaiela jakinaraziz.

  Errekargoa aplikatuta edo errekargorik gabe, kontua da, Udalak aurten higiezinezko ondasunen gaineko zergari dagozkion 10.938 errezibo prestatu dituela. Etxe, lokal edo terreno baten jabe den orok ordaindu behar du udalaren kontribuziñoa.  9.563 ordainagiri contribución urbana deritzon zergari dagozkio eta 1375, rusticari. Udalak, higiezinezko ondasunen gain aplikatzen den zerga honetatik aurten 2.213.525,87 euro jasoko ditu. Iaz baino kasik 9.000 euro gehiago. Aipagarria da, landa lurretan kokatzen diren higiezinezko ondasunen gaineko zergari dagokionean, errezibo kopurua apenas igo den arren, 11 gehiago dira aurten, jasoko den dirua, proportzioan dezentez gehiago jasoko dela, iaz baino  %14 gehiago jasoko da, 68.000 euro pasa.

  Familia ugariek bestalde, ohiko etxebizitzaren kontribuziñoan % 15eko hobari orokorra jasotzen jarraitzen dute. 2012ko ordenantza fiskaletan zehaztu zenez, familia ugariek dituzten diru sarrerak kontutan hartzen dira hobaria aplikatzerakoan. Hala, guztiei % 15eko hobari orokorra aplikatzen zaie baina egiaztatzen diren diru sarreren arabera hori handitzeko aukera dute. Hobaria % 50 edo 90era arte jaso daiteke baina horretarako, urteko errenta aitorpena aurkeztu beharko da. Familia ugarientzako hobariak aplikatzeko errenta kanpaina amaitu arte itxarongo da, uztailera arte itxarongo da. 

  Ordainketa helbideratu gabe dutenei postaz, astean zehar bidaliko zaie higiezinezko ondasunen gaineko zergaren ordain agiria. Besteei, kutxa edo banketxearen bitartez iritsiko zaie. Azken hauei, ordainketa helbideratuta edo domiziliatuta dutenei, kontribuzioa, epe erdialdera, ekainaren 10ean kargatuko zaie, hori da behintzat asmoa. Higiezinezko ondasun gaineko zerga ordaintzeko epea ekainaren 30ean amaitzen da.

Iturria: Oñati Irratia