Higiezinezko ondasunen gaineko zerga ordaintzeko epea uztailaren 10era arte luzatu da

2017/06/27
Ordainketa egiteko duten ondasun jabeei gutunak bidali zaizkie epea amaitzear dela jakinaraziz

  Herritar gehienek  kutxa edo banketxeen bitartez helbideratuta dute higiezinezko ondasunen gaineko zergaren ordainketa. Baina horietako zenbait itzuli egin dira eta gainera, helbideratu gabeko asko kobratzeke daude oraindik. Gaur goizean 700 errezibo ordaindu gabe zeuden. Gehienak, 611 hiri lurretan dauden ondasunei dagozkionak dira, contribución urbana moduan ezagutzen zena eta 89, landa lur ondasun moduan kalifikatutakoei dagozkie. Ofizialki ekainaren 30ean amaitzekoa zen zerga hau ordaintzeko borondatezko epea. Udalak ordea, epea luzatzeko ohitura du eta aurten ere hala egitea erabaki du. Higiezinezko ondasunen gaineko zerga ordaintzeko epea uztailaren 10era arte luzatzea erabaki du.  Ordaintzeko dauden 700 erreziboen titularrei gutun bidez jakinarazi zaie luzapenaren berri. Gutunak datozen egunotan iritsiko dira.

  Ordaintzeke dauden ia 700 erreziboak maiatzaren 16an  bideratu ziren guztien % 6a inguru da. Baina errezibo horien ordainketatik udalak oraindik jasotzeke duen dirua, aurre ikusten zenaren  % 13a da.  Horrek esanahi du ordaintzeko falta diren horietako batzuek tasa handia dutela. Enpresak izan ohi dira ordainketa handia egin behar izaten dutenak eta jakinekoa da, hauek azken egunetara itxaroten dutela ordaintzeko. Oraindik dagokion zerga ordaindu ez duen ondasun baten jabe orok, izan enpresari izan herritar partikular, uztailaren 10era arteko epe luzatua du zorra kitatzeko. Epe hori beteta erreziboek, % 5aren penalizazioa edo ordainketa gehigarria izango dute.

  Errekargoa aplikatuta edo errekargorik gabe, kontua da, udalak aurten higiezinezko ondasunen gaineko zergari dagozkion 11.005 errezibo prestatu dituela. Etxe, lokal edo terreno baten jabe den orok ordaindu behar du udalaren kontribuziñoa.  9.627 ordainagiri  contribución urbana deritzon zergari dagozkio eta 1378, rusticari. Udalak, higiezinezko ondasunen gain aplikatzen den zerga honetatik aurten ia bi milioi eta 227 mila euro jasoko ditu. Iaz baino kasik 123.000 euro gehiago.

Iturria: Oñati Irratia