Higiezinezko ondasunen gaineko zerga ordaintzeko epea gaur hasi eta ekainaren 30era arte luzatuko da.

2014/05/15
Inor erroldatuta ez dagoen etxebizitzei ehuneko 100eko errekargoa aplikatzen jarraitzen da baina iaz baino gutxiago dira.

  Datuei begiratuta, iaz, 440 etxebizitzei aplikatu zitzaien higiezinezko ondasunen gaineko zerga bikoiztea dakarren errekargoa eta aurten berriz, 343 dira. Horrek esanahi du ia 100 etxebizitzetan urtarrilaren 1eko dataz norbait erroldatuta zegoela; batzuk alokatuko ziren, beste batzuk saldu edo jabea edo bere senitartekoren bat bertara bizitzera joan. 2012ko urriko Osoko Bilkuran inor erroldatu gabeko egoitzei %100eko errekargoa aplikatzearen neurria eztabaidatu zenean, helburua, hutsik dauden etxebizitzak alokairu merkatura zuzentzea zela azaldu zuen udal gobernu taldeak.

  Errekargoa aplikatuta edo errekargorik gabe, kontua da, udalak aurten higiezinezko ondasunen gaineko zergari dagozkion 10.705 errezibo prestatu dituela. Etxe, lokal edo terreno baten jabe den orok ordaindu behar du udalaren kontribuziñoa.  9.359 ordainagiri "contribución urbana" deritzon zergari dagozkio eta 1.346, "rustica"ri.

  Udalak, higiezinezko ondasunen gain aplikatzen den zerga honetatik aurten kasik bi milioi eta 200 mila euro jasoko ditu. Iaz baino 104 mila euro gehiago.

  Familia ugariek bestalde, ohiko etxebizitzaren kontribuziñoan %15eko hobari orokorra jasotzen jarraitzen dute. 2012ko ordenantza fiskaletan zehaztu zenez, familia ugariek dituzten diru sarrerak kontutan hartzen dira hobaria aplikatzerakoan. Hala, guztiei %15eko hobari orokorra aplikatzen zaie baina egiaztatzen diren diru sarreren arabera hori handitzeko aukera dute. Hobaria %50 edo 90era arte jaso daiteke baina horretarako, urteko errenta aitorpena aurkeztu beharko da. Familia ugarientzako hobariak aplikatzeko errenta kanpaina amaitu arte itxarongo da, uztailera arte itxarongo da.

  Hobaria izan ala ez, guztiontzat gaur hasi da contribución urbana eta rústica moduan ezagutzen diren zergak ordaintzeko epea.

  Ordainketa helbideratu gabe dutenei postaz, datorren astean iritsiko zaie higiezinezko ondasunen gaineko zergaren ordain agiria. Besteei, kutxa edo banketxearen bitartez iritsiko zaie. Azken hauei, ordainketa helbideratuta edo domiziliatuta dutenei, kontribuzioa, epe erdialdera, ekainaren 6an kargatuko zaie, hori da behintzat asmoa. Higiezinezko ondasun gaineko zerga ordaintzeko epea ekainaren 30ean amaitzen da.

Iturria: Oñati irratia