"Hielos y océanos. Vascos por el mundo", Jose Antonio Azpiazuren liburu berria

2016/10/10
Card image cap
Hurbileko nahiz urruneko itsasoetan ibilitako euskaldunak berriro protagonista dira

  Y los vascos se echaron a la mar iaz argitaratutako lanaren jarraipentzat jo genezake Azpiazuk kaleratu duen liburu berria. Galdera konkretu bati erantzun nahi izan dio oraingoan historialari legazpiar-oñatiartuak: zein leku izan zuten euskaldunek bereziki Historia Garaikidearen hasierako gertakari nagusietan. Urrezko garai hartako pertsonaia esanguratsuenen artean hainbat euskaldun aipatu daitezke: Elkano, Urdaneta, Legazpi, Okendo, Rekalde, Gaztañeta, Blas de Lezo edota Txurruka, besteak beste. Azpimarratzekoa da gainera, hauen garrantzia ez dela kasualitate hutsa, gizarte eta errealitate jakin baten isla izan baitziren, nahiz eta batzuen interesez historia hori ezkutatu edo zatika soilik kontatu den. Hutsune hori betetzera dator beraz Azpiazuren lan berria. Horretarako, gertuko geografiatik abiatuta, Bizkaiko Golkoko kostatik abiatuta, Europako geografia eta Ameriketako zein Ternuako, Islandiako edo ipar Norvegiako itsasoetara eramango gaituzten pasadizo eta itsasgizonen berri ematen da Hielos y océanos. Vascos por el mundo liburuan.

  Ttarttalo argitaletxeak kaleratu duen lanak, 244 orrialde ditu. Jose Antonio Azpiazuk Javier Elorza eta Jose Maria Unsain historialarien lankidetza izan du liburuan. Elorzak osatu duen kapitulua Zumaiako itsasgizon bati buruzkoa da. Simancasko artxiboan topatutako dokumentu bat oinarri hartuta, Miguel de Ibarra zumaiarra, Ameriketara, Cristobal Colon baino lehenago iritsi zenaren hipotesia proposatzen da liburuan. Donostiako Untzi Museoko zuzendari Jose Maria Unsainek berriz, Ozeano Barean, Pazifikoan nabigatu zuten euskaldunei buruz idatzi du.
Aipagarria da bestalde,  Hielos y océanos. Vascos por el mundo liburuaren hitzaurrea Ramon Martin Sukiak, Oñatiko Protokolo Historikoen Artxiboko arduradunak idatzi duela. Izan ere, liburuan aipatzen diren hainbat gertaeren jatorrizko dokumentuak artxibategi horretan bertan topatu baititu Jose Antonio Azpiazuk.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!