Hezkuntza mailan jarraitu da nagusiki Oñatin sektore publikoan gaur deitu den greba

2021/04/22
Urgain-Errekalden ez da eskolarik eman eta institutuan irakasleen erdiek greba egin dute

  ELA, LAB, CCOO, ESK, SATSE eta Steilas sindikatuek greba eguna antolatu dute gaurko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazioetako alor guztietan. Oñatin, nagusiki, hezkuntza publikoan izan du isla.

  Urgain Errekalde eskolan langileen % 93ak greba egitea bozkatu zuen eta gutxieneko zerbitzuak betetzen ari dira; jangela itxita dago, zuzendaritzako ordezkari bat, Covid arduraduna eta hainbat irakasle lanera joan dira Jaurlaritzak agindutako gutxieneko zerbitzuak betetzera baina ez da eskolarik eman eta bertaratu diren ikasleen zaintza egin dute soilik. Greba egiteko hartu zuten erabakiaren berri ohar bidez jakinarazi zitzaien asteartean ikasleen gurasoei. 

  Bigarren hezkuntzako institutuan berriz, irakasleen erdiek egin dute greba. Ondorioz, eskola batzuk eman dira, beste batzuk ez. Larraña institutuan gainera, zenbait ikaslek bat egin dute grebarekin kasu honetan Ikasle Sindikatuak egindako deialdia jarraituz.

  Zerbitzu publikoaren alde, enplegua sortu eta kontsolidatu dadin eskatzeko deitu da gaurko greba EAEko sektore publikoan. Greba deitzaileen arabera Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langile publikoen behin-behinekotasuna % 39 da gaur egun baina arloka handiagoa ere bai: % 58 Osakidetzan, % 56 administrazio orokorrean, % 48a hezkuntzan eta %44 justizian. Alor guztietan, behin behineko langileen erdiek inguru bost urtetik gora daramate lanean eta hala dauden hamar langiletik zazpi emakumeak dira.

Iturria: Oñati Irratia