Herritarrentzako Arreta Zerbitzu berria egokitzeko lanak egingo dira udaletxean

2018/11/08
Zerbitzua udaberrian abian jarri nahi da

  Gaur amaitu da udaletxeko bulegoetan egokitze lanak egiteko esleipenera aurkezteko epea. Zerbitzu berrirako sarrera eraikinaren atzealdean, alhondiga zegoeneko aldetik egokituko da. Gune horretako udal instalazioetan arozteria lanak ez ezik, argi eta berokuntza sistema egokitzeko lanak ere egin beharko dira. Lanok bi hilabeteko epean osatu beharko dira eta horretarako 127.000 euroko aurrekontua du Udalak. Baina lanak, eskaintza merkeena egiten duen enpresari esleituko zaizkio, deialdian zehazten denez. Lanak lehenbailehen esleitu eta abenduan hasi nahi dira, Herritarrentzako Arreta Zerbitzu berria udaberrian, Aste Santuaren aurretik, abiatuko baita.

  Herritarrentzako Arreta Zerbitzua, zerbitzu integrala izango da eta herritarrek Udalari egin ohi dizkioten eskaeren arreta bilduko du. Leihatila bakarra deritzon zerbitzu honek egoki funtzionatu dezan, udal departamentu ezberdinen arteko barne harremanetarako eskuliburua prestatu da eta zerbitzua arautzen duen ordenantza ere aho batez onartu zen urriaren 4ko Osoko Bilkuran.

  Hiru langile arduratuko dira Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaz baina administrazio elektronikora ere lotuko da eta eskaintzen den gunean, besteak beste, hainbat udal agiri eskuratzeko bitarteko telematikoak jarriko dira herritarren eskura. 

Iturria: Oñati Irratia

(Arg: Noticias de Gipuzkoa)