Herritarren partaidetza teknikaria hautatzeko azken azterketa egingo da bihar

2015/05/13
Euskarari dagokion proba, Udal Euskaltegian goizeko 10.30tan hasiko da

  Lanpostu deialdian zehaztu zen laugarren hizkuntza eskakizunaren pareko ezagutza badutela egiaztatzeko azterketarako deialdiarekin batera argitaratu dira aurreko froga praktikoaren emaitzak. Berez, 12 lagunek zuten azterketa praktikoa egiteko aukera baina 9 bakarrik aurkeztu ziren eta horietatik 3k lortu dute proba gainditzea. Hiru hautagai horiek, euskarazko maila agiri bidez egiaztatu ez dutenez, euskara azterketa egin beharko dute bihar goizean,10.30tan Udal Euskaltegian.

  Aurreko azterketako emaitzak Udaletxeko iragarki taulan eta udaleko web atarian ikusgai daude. Erreklamazioren bat aurkeztu nahi duenak, hilaren 16ra arte, larunbatera arteko epea du.

  Udalak, aldi baterako eta lan jardun erdiz kontratatuko duen herritarren partaidetza sustatzeko teknikari lanpostua betetzeko, lehiaketa-oposizio sistema erabiliko da. Biharko azterketarekin jada hautaketa prozesuko oposizio-aldia amaituko da. Bitartean, prozesua zuzentzen duen epai mahaiak, hautagaien merituak baloratuko ditu eta antzerako lanetan duten eskarmentua eta formazio osagarria bereziki baloratuko zaie. Merituen puntuazioa, datozen egunotan argitaratuko da. Herritarren partaidetza sustatzeko teknikariaren izendapena, egun gutxitako kontua izango da.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!