Herritarren partaidetza sustatzeko teknikaria hautatzeko bigarren azterketa egingo da bihar

2015/04/28
Ariketa praktikoa, Udal Euskaltegian goizeko 9etan hasiko da

  Pasa den astelehenean hasitako azterketaldiak aurrera darrai. Garapen komunitarioa eta herritarren partaidetza sustatzeko teknikari lanposturako lehen proba teorikoa gainditu zuten hamabi lagunek, ariketa praktikoa egin beharko dute bihar.

  Bete beharreko lanpostuari dagozkion ezagutzen aplikazio praktikoa izango da azterketaren oinarria. Litekeena da gainera, lanpostuaren ezaugarriak kontutan izanda, biharko azterketa praktikoaren atal bat ahoz egitea. Hori da behintzat, deialdian zehaztu dena. Froga praktikoa, goizeko 9etan hasiko da Udal Euskaltegian.  

  Udalak, aldi baterako eta lan jardun erdiz kontratatuko duen herritarren partaidetza sustatzeko teknikari lanpostua betetzeko, lehiaketa oposizio sistema erabiliko da. Biharko azterketaren ondoren, eskatzen zen laugarren hizkuntza eskakizuna agiri bidez egiaztatu ez zutenek euskarazko azterketa egin beharko dute eta horrekin amaituko da hautaketa prozesuko oposizio-aldia.

  Lehiaketa aldian berriz, antzerako lanetan eskarmentua izatea eta formazio osagarria bereziki baloratuko dira.

  Kontratatuko den teknikariaren egitekoak izango dira, besteak beste: herritarren artean partaidetzaren kultura eta izaera komunitarioa zabaltzea, harremanetarako eta parte hartzeko gune eta aukerak eskainiz. Udalak abian jartzen dituen parte hartzeko prozesuak kudeatu eta dinamizazio funtzioak betetzea, hauek martxan jarri aurretik diseinatzea eta ezartzea eta gerora ebaluazio lana egitea. Aldi berean, halako prozesuak martxan jartzeko beharrezko harremanak izan beharko ditu erakunde eta eragileekin eta udal departamentuei ere aholkularitza eskaini beharko die beraien politiketan herritarren partaidetza kontutan hartu dezaten. Sentsibilizazio ekimenak, ikastaroak, jardunaldiak eta hitzaldiak ere antolatu eta planifikatu beharko ditu teknikari berriak.

 

Iturria: Oñati Irratia