Herritar, komertzio nahiz industrien hondakin bilketan aldaketak izango dira gabon eta urtezaharretan

2019/12/16
Card image cap
Abenduaren 24 eta 31n hondakinak arratsaldeko lehen ordutan batuko dira eta abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean ez da bilketarik egingo komertzio, enpresa eta industrialdeetan

  Gabonetako egun seinalatuetan hondakinen bilketa egokitu egiten da langileen jai egutegira.

  Etxeetako hondakinen bilketan ia ohikoa den aldaketa egingo da abenduaren 24 eta 31n, bilketa arratsaldeko lehen ordutara aurreratuz. Asteartearekin etorriko dira Gabon eta Gabon Zahar egunak, hau da, organikoa batzen den egunarekin. Bi egun horietan hondakinen kubo marroiak, eta pardelak, 13:00tarako atera beharko dira, batze kamioiak ordu horretan irtengo baitira zerbitzua betetzera. Beranduago ateratzen direnak batu gabe geratuko dira.

  Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean berriz, ez da komertzio, enpresa eta industrialdeetako zerbitzurik beteko. Merkatariei, edukiontzia hurbilen duten esekitokietara eramateko aukera eskaintzen zaie eta hondakinak, herritarren hondakin bilketa zerbitzuarekin batera jasoko zaizkie. Eguberri eta Urteberri egunak eguaztenarekin etorriko direnez, ontzi arinak jasoko dira gauean. Egun horretan ez ezik, abenduaren 28 eta urtarrilaren 4an ere, herritarren gaueko bilketa erabiltzeko aukera emango zaie komertzioei, edukiontzia iluntzerako esekitokietara gerturatuta.

  Enpresa eta industriei bestalde ez zaie hondakinik jasoko abenduaren 25 eta urtarrilaren 1ean. Egun horiei dagozkien  bilketak hurrengo egunetan beteko dira, hau da, abenduaren 26an eta urtarrilaren 2an.

  Mankomunitateko ordezkariak herriko komertzio eta enpresekin harremanetan jarriko dira aldaketa hauen berri emateko.

  Gabonetako jaiegun nagusietan hondakinen bilketa zerbitzua moldatu egiten da, erabiltzaileei zerbitzua ziurtatzeko eta aldi berean, horretan diharduten langileen jai eskubidea bermatzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!