Herritarren 161 proposamen "partaidetzazko aurrekontuak" prozesuan gauzatzeko bidean

2018/06/06
Card image cap
Guztiak datorren astean lehenetsiko dira astelehenean finkatu ziren irizpideen arabera

  Herritarrek aurrekontuen zati bat zertan inbertitu erabakitzeko partaidetzazko aurrekontuen prozesua bigarren fasean dago jada. Jaso diren proposamenak aurkeztu ziren astelehenean eta horiek baloratzeko irizpideak zehaztu ziren. Orain, leheneste fasea hasiko da. Helburua, 2019 eta 2020ko aurrekontuetan 250.000na euro zertan inbertitu herritarrek erabakitzea da.

  376 proposamen aurkeztu zituzten herritarrek maiatzean zehar. Hiru bide erabili zituzten: internet, postontziak eta bilera irekiak. Jaso diren proposamenen artean aisialdi eta kirolari dagozkionak ia 130 izan dira. Mugikortasunarekin erlazionatutako 67, zerbitzu eta azpiegiturei lotutakoak 46, ingurumenari dagozkionak 24, irisgarritasuna arlokoak 21 eta haur eta gazteak, ongizatea edota hondakinak gaiei dagozkionak beste 17na. 

  Jaso ziren 376 proposamen horietatik 161 baloratuko dira, 105k ez baitituzte aurrez finkatu ziren baldintzak betetzen. Kanpoan utzi dira udalaren eskumenekoak ez diren gaiak, zehaztutako aurrekontua gainditzen dutenak, inbertsio ekonomikorik behar ez duten kudeaketa edo gestioarekin erlazionatutakoak, dagoeneko gauzatu direnak edota aurreikusita dauden ekimenak. Udalbatza osatzen duten bi taldeek positiboki baloratu dute herritarren erantzun ona eta eguneroko beharrei eragiten dioten proposamenak jaso direla azpimarratu dute. Proposamen oso interesgarriak egin direla adierazi dute eta lehen galbahea pasatzerakoan ados etorri direla gaineratu dute.

  Astelehenean, 80.000 eta 120.000 euro artean dauden 161 proposamenak baloratzeko irizpideak zehaztu zituzten bilera irekira joandako herritarrek. Martxan den proposamenak lehenesteko fase honetan hiru saio egingo dira. Hauek ere irekiak eta interesa duten herritar guztientzat. Eta herritarren partaidetza garrantzitsua izango dela azpimarratzen dute berriro udaletik, aurrera jarraituko duten proposamenak zein diren erabakiko delako eta bakoitzak egindako proposamena hobeto azaldu edo zehazteko aukera izango duelako. Astelehenean, hilaren 11an, aisialdia, berdintasuna, elkarbizitza, euskara, haur eta gazteak, herriko jaiak, hezkuntza, kulturartekotasuna, lana eta ongizatea arloko proposamenak aztertuko dira. Asteartean, argiteria, zerbitzu eta azpiegiturak, irisgarritasuna eta mugikortasunari dagozkionak eta asteazkenean, diru laguntzak hondakinak, kirola eta ingurumena arlokoak. Hiru bilerak, 18:30tan izango dira Bidebarrieta kaleko Euskaldun berria gelan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!