Herritarrek erabakiko dute 2019 eta 2020ko udal aurrekontuetako 500.000 euro zertan erabili

2018/04/25
Card image cap
Partaidetzazko aurrekontuen prozesua bi udal taldeen adostasunez gauzatuko da, maiatzetik urrira

ko  Partaidetzazko aurrekontuen prozesua abian da jada. Udalbatza osatzen duten bi udal taldeen adostasunez gauzatuko da eta 2019ko eta 2020ko udal aurrekontuetako zati bat, 250.000 euro urteko, zein proiektu eta beharretara bideratu herritarrek zuzenean proposatu eta erabakitzea da helburua. Horretarako lau fasetan gauzatuko den prozesu parte hartzailea gauzatuko da, urria amaierara arte.

  Lehenago ere, herritarren partaidetza sustatu eta izan duten beste prozesu batzuk gauzatu dira Oñatin: Aurrekontuak Arazerixan, bizikleta plana edota Herribus-a, esaterako. Baina oraingoan, urrats bat haratago jo da eta herritarrei galdetu ez ezik, erabakitzea ere eskatuko zaie; prozesu kontsultibo izatetik erabakitzaile izatera pasako da. Gainera, herritar talde batek berme batzordea osatuko du.

  Partaidetzazko aurrekontuak prozesua udalbatzako kide guztien adostasunez garatuko da, esan bezala. Alde horretatik, bi udal taldeetako bozeramaleek besteen ahalegin eta eskuzabaltasuna eskertu zuten atzo elkarrekin eman zuten prentsaurrekoan. Bost puntuko adostasun dokumentua hitzartu dute eta bihar egingo den Osoko Bilkuran berretsiko dute.
Prozesua loteslea izango da eta herritarrek erabakitakoa gauzatzeko konpromisoa hartu dute politikariek. 16 urtetik gorako oñatiar orok parte hartu ahal izango du prozesuan, egindako proposamenek muga ekonomiko bat izango dute urteko aurrekontua proiektu bakarrera bideratu ez dadin, eta noski, udalaren eskumeneko lan edo proiektuak izan beharko dira.
Herritarrez osatutako berme organoa izango den bezala, politikoz osatutako jarraipen batzorde bat ere izendatu da, prozesuaren balorazio eta jarraipena egiteko.

  Prozesuaren gaineko xehetasun guztiak informazio triptiko batean jasoko dira eta etxe guztietara banatuko da. Bertan, prozesuaren lau faseak eta momentu bakoitzean herritarren parte hartzea nola gauzatu ahal izango den zehaztuko da.   Lehen fasea maiatzaren 7tik 24ra gauzatuko da eta herritarren proposamenak jasotzeko unea izango da. Horretarako, bilera irekiak egingo dira eta buzoiak ere jarriko dira hainbat udal eraikinetan. Bigarren fasea ekainaren 4tik 17ra izango da eta jasotako proposamenak herritarrekin aztertuko dira. Bilera ireki erronda berria egingo da. Hainbat irizpide kontuan hartuz, proposamenak lehenetsiko dira. Hirugarrena, balorazioaren fasea izango da eta orduan, politikariek eta udal langileek lehenetsitako proposamena baloratu eta bideragarriak diren finkatuko dute. Azkenik, urriaren 8tik 28ra, herritarrek, boto bidez, aukeratuko dituzte aurrekontuetan txertatuko diren proposamen edo proiektuak.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!