Herritarrek azokari buruz duten iritzia jasotzeko galdeketa prozesua abiatu da

2021/03/15
Inkestatzaile bat azokan galdezka ibiliko da bi larunbatez eta online bidez ere erantzun liteke

  Gipuzkoako azoken sarea egitasmoaren baitan, herriko azoka balioan jarri eta bere etorkizuna elkarrekin irudikatzeko galdetegi bat prestatu da. Larunbatean inkesta-teknikari bat azoka plaza inguruan ibili zen bezeroei galdezka eta online bidez ere erantzun liteke. 

  Oñatiko azokaren egungo errealitatea ulertu eta aurrera begirako premia nagusiak eta nahiak zeintzuk diren ezagutzeko, funtsezkoa da azoka ardazten duten eragile guztien iritzia jasotzea, bai ekoizle-saltzaileena baita erosleena, edo erosle ez diren herritarrena ere.

  Azokara zenbatero eta bataz beste zenbat erosketa egitera joaten den, zenbat diru gastatzen den, eskaintzan zein produktu klase gehituko lituzketen,  azokari buruzko komunikazioa eta promozioa egoki egiten den edo zertan hobetu beharko lukeen eta azoka eraikineko beheko solairua zertan erabili ahal izango litzatekeen galdetzen da inkestan, besteak beste. Minutu gutxi eskatzen duen galdetegia da eta horregatik parte hartzera animatu nahi dira herritar guztiek, online betez: https://labur.eus/SoQ3x edo datorren larunbatean azoka inguruan berriro ibiliko den inkesta-teknikariari erantzunez.

  Asteburuan Oñatin abiatu den azokari buruzko galdeketa prozesu hau Gipuzkoako azoken sarea egitasmoaren baitan kokatzen da eta herriko azoka berrindartzeko dinamikarekin bat dator. Gipuzkoako azoken sarean 16 udalerrik parte hartzen dute, tartean Oñatik. Landaolak, Gipuzkoako Landa Garapenerako Elkarteen Federazioak sustatzen du, tokian tokiko azokak gure herrietako ekonomiaren, kulturaren eta tradizioaren elementu egituratzaile direnaren ikuspegitik. Egitasmoak Elika Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren partaidetza ere badu.

Iturria: Oñati Irratia