Oñatiko udala

Herriko zebrabideak ostadar kolorez margotuta agertu dira Sexu Askapenaren Nazioarteko eguna dela gogoratuz

2016/06/28
Card image cap
Hainbat ekintza antolatu dira gaur eta biharko eskualde mailan

  Herriko hainbat zebrabide eta oinezkoen pasabide koloreztatuta agertu dira gaur goizean, ekainaren 28a Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna dela gogora ekarrita. Bidaurretako errotonda ondoko zebrabidea, edota Portu kale, kiroldegi ondoko eta Txaketuaneko bidegurutzeko pasabideak ostadar kolorez margotuta daude. Udaletxeko balkoi nagusian ere, ikur kolore-anizduna ikusi daiteke azken egunotan. Sentsibilizazio kanpaina bat ere abiatu du Udalak herriko taberna, jatetxe eta ostalaritzako lokal jabeei zuzenduta. Lokal horietan portaera lesbofobo, homofobo edo transfoboak  ez direla onartzen adierazten duten kartelak jarri ditzaten gonbidapena egin zaie eta bide batez, kartel eredu bat ere bidali zaie. Zebrabideak kolorez margotu nahiz ikur eta kartelak jartzeak helburu berbera dute, sexu askapena aldarrikatu eta hau bizitzeko dauden aldaera guztiak babestea.

  Aldarrikapenak eta ospakizunak bat egingo dute baita ere, Debagoienako  TransMarikaBolloFeminista koordinadorak gaur eta biharko antolatu dituen ekitaldietan. Gaur arratsaldean, esaterako, eskualde mailako manifestazioa egingo da Arrasaten. Herriko plazatik abiatuko da 19.30tan ez doulako ihes ingo lemapean. Bihar berriz, sei laburmetraien emanaldiak izango dira Oñatin, Bergaran, Aretxabaletan, Aramaion eta Arrasaten. Bost herritan, filme berberak ikusi ahal izango dira. Seiak, iazko Zinegoan, Bilboko gaylesbotrans nazioarteko zinema jaialdian aurkeztu ziren. Besteak beste, Fernando Rocha brasildarraren Doce de Goibada, Soren Green danimarkarraren En eftermiddag, Martin Edralin kanadarraren Hole, edo Amy Harrison estatubatuarraren Miss Finknagle succumbs to chaos filmak eskainiko dituzte. Lehen emanaldia, Oñatin, kultur etxean izango da 19.30tan hasita. Bergaran, Gaztetxean emango dira, 20.00tatik aurrera eta gainontzeko herrietan, 22.00tatik aurrera pantailaratuko dira; Arrasaten parrokiaren arkupean, Aramaion Sastiñan eta Aretxabaletan udaletxe zaharrean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!