Herriko txorimalo eta erraldoiak berritu egin dira.

2015/02/10
Zituzten kolpeak konpondu eta berriro margotu dira. 1992an egin zen konpartsako elementuen aurreko berritze lan orokorra.

  Urte horretan bertan, 1992an hain zuzen ere, erraldoi taldea osatu zen,  baserritarrak irudikatzen dituzten bi erraldoiak ekarriz. Irundik, Garate anaien tailerretik ekarri ziren eta orain egin diren konpontze eta margotze lan hauek ere bertan egin dira.

  Eskuan edo buruan kolpeak zituzten erraldoiak ez ezik, erabileraren ondorioz kaltetuta zeuden txorimalo karetak ere eraman dira Irunera, baita, Txirri-Mirri eta Txiribitonen karetak ere.

  Guztiei zituzten kolpeak konpondu eta apurtuta edo falta zituzten elementuak jarri zaizkie. Gainera, guztiak berriro pintatu dira. Erropak ere begiratu dira eta zulatuta zeudenak josi dira. Konpontze lan hauek, erraldoi eta txorimalo konpartsaren ardura duen Oñatz Dantza Taldearen ekimenez eta udalaren diru laguntzaz egin dira.

  Pasa den ostiralean bertan ekarri ziren Oñatira, txorimalo eta erraldoien konpartsa osatzen duten irudi eta elementu guztiak. Santa Ana aretoan daude, bertan gordetzen baitira eta datorren asteartean, inauteri martitzenean kalera ateratzeko asmoa dago. Eguraldiak oztoporik jartzen ez badu, arratsaldeko 6 eta erdietan berriztatu diren txorimaloak kalean, neska mutikoen atzetik ikusi ahal izango dira.

  Konponduriko Txorimaloak ikusi nahi izanez gero, igande honetan, Otsailak 15, Santa Anan, arratsaldean argazkia aterako zaie eta bertan egongo dira ikusgai.

Iturria: Oñati irratia

Oñatiko txorimaloak