Herriko turismo eskaintza zabaldu egingo da San Jose zubian eta Aste Santuko jai egunetan

2021/03/17
Card image cap
Osasun neurri guztiak beteta bisiten maiztasuna handitzeko ahalegina egingo da

  Turismo bulegoan, unibertsitatea eta parrokia ezagutzeko bisita gidatuak egingo dira eta Arrikrutzen, udako ordutegia beteta, zerbitzua luzatuko du, bai San Jose zubian baita Aste Santuan ere.

  Osasun egoerak hala eraginda bisitari taldeak oso murriztuta daude, sei lagun soilik. Kopuru mugatu horrek bisiten maiztasuna handitzera eraman ditu Turismo bulegoa eta bereziki Arrikrutzeko teknikariak. Zentzu horretan ahalegin berezia egiten ari direla adierazi digute.

  Turismo bulegoak Oñatiko altxorrak bisita berreskuratzen du asteburuan eta 15 egun barru izango da Aste Santurako: Sancti Spiritus unibertsitatea eta parrokia ezagutzeko aukera emango zaie bisitariei egunero, 13:00tan eta 17:00tan. Arrikrutzen berriz, udako ordutegiarekin funtzionatuko dute, zerbitzua egunero 9:30tatik 19:00tara eskainiz. Egungo egoeran bisita taldeak oso mugatuta daudela kontuan hartuta, bisita gidatuetarako erreserba aurrez egitea ezinbestekoa da, bertaratuta edo telefonoz deituta.

  Udalerrikako itxiera perimetrala bertan behera geratu zen martxoaren 9an eta pasa den asteburuan bereziki antzeman zen, hainbat turista hurbildu baitziren gurera, aspaldiko partez. Herriko turismo zerbitzuetan ere antzeman dutela esan digute; hiru hilabetez aritu dira Oñati eta ondoko herrietako lagunekin lan egiten, bisitari gehiago eta Euskal Herriko beste herri batzuetakoak hartzeko irrikan daudela adierazi digute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!