Herriko tabernek ixteko ordutegia luzatzeko aukera izango duten 2020ko egutegia osatu du udalak

2020/01/08
Herriko eta auzoetako jaiez gain, beste ospakizun berezi nahiz opor garaian ixte ordutegia atzeratu ahal izango da

   Iaz, tabernarien eskariz osatu zuen udalak tabernen ixte ordutegiaren inguruko proposamena lehenengo aldiz, eta aurten, beste horrenbeste egitea erabaki zen azken Tokiko Gobernu Batzarrean.

  Udalaren eskumena da jai edo interes bereziko egunetan tabernen ixte ordutegia luzatzeko aukera. Tabernen kategoriaren arabera legez jarrita dagoen ordutegia beste bi orduz luzatu daiteke, gehienera. Iaz arte herriko jaietan, edota auzoko jaietan, ordutegia luzatzeko baimena ematen zitzaien tabernariei, garaia hurbildu ahala. Baina 2020a hasi orduko, urte osorako egutegia egin da, eta herriko jai nagusietan edo auzoko jaietan ez ezik, Aste Santuan, Inauterietan, Gabonetan eta abuztuko oporren hasiera eta amaieran ere, ixte ordutegia luzatzeko aukera izango dute herriko tabernariek. Baita beste bost egun edo gau puntualetan ere: Kinttoak irtengo diren zapatuan, Kantoikrit egingo den gauean, Beteranoen futboleko finala jokatzen denean, San Juan bezperan eta Haurren danborrada egiten den egunean. Aste Santuan, ostegunetik igandera luzatu ahal izango da ixte ordutegia, Inauterietan, ostegunetik asteartera eta Gabonetan, abenduaren 20tik urtarrilaren 6ra.

  Kasu guztietan ixte ordutegiaren luzapena, jai bezpera egunetan aplikatuko da eta lokal bakoitzak duen itxiera ordu ofizialari, ordu eta erdi gehiago erantsi ahal izango zaio, gehien jota. Horrek esanahi du, taberna arruntek 2:30tan itxi beharko dutela, uda partean, 3:00tan, beranduenera, eta berezi kategoria dutenek berriz, 4:00tan neguan eta 4:30tan, uda partean.

  Onartutako egutegi eta ixte ordutegi proposamenaren berri Eusko Jaurlaritzako Joko eta ikuskizun bulegoari nahiz Bergarako Ertzaintzaren polizia etxeko arduradunari emango zaio.

Iturria: Oñati Irratia