Herriko tabernek ixteko ordutegia luzatzeko aukera izango duten 2019ko egunen zerrenda osatu du udalak

2019/01/10
Herriko eta auzoetako jaiez gain, beste ospakizun berezi nahiz opor garaian ixte ordutegia atzeratu ahal izango dute

  Tabernarien berain eskariz osatu du udalak tabernen ixte ordutegi proposamen hori. Lehen aldia da halako egutegia osatzen dela eta 2019a bere osotasunean, orokorrean, jasotzen du.

  Udalaren eskumena da jai edo interes bereziko egunetan tabernen ixte ordutegia luzatzeko aukera. Tabernen kategoriaren arabera legez jarrita dagoen ordutegia beste bi orduz luzatu daiteke, gehienera. Orain arte herriko jaietan, edota auzoko jaietan, ordutegia luzatzeko baimena eman zaie tabernariei, baina erabakia garaia hurbildu ahala hartzen zen. 2019a hasi orduko berriz, urte osorako egutegia egin da, eta herriko jai nagusietan edo auzoko jaietan ez ezik, Aste Santuan, Inauterietan, Gabonetan eta abuztuko oporren hasiera eta amaieran ere, ixte ordutegia luzatzeko aukera izango dute herriko tabernariek. Baita hainbat egun edo gau puntualetan ere: Kinttoak irten ohi diren zapatuan, Kantoikrit egiten den gauean, Oñatiko bertsolarien finala denean, Beteranoen futboleko finala jokatzen denean, Fan Hemendik egunean, San Juan bezperan eta Haurren danborrada egiten den egunean. Aste Santuan, ostegunetik astelehenera luzatu ahal izango da ixte ordutegia, Inauterietan, ostegunetik asteartera eta Gabonetan, abenduaren 15etik urtarrilaren 6ra.

  Kasu guztietan ixte ordutegiaren luzapena, jai bezpera egunetan aplikatuko da eta lokal bakoitzak duen itxiera ordu ofizialari, ordu eta erdi gehiago erantsi ahal izango zaio, gehien jota. Horrek esanahi du, taberna arruntek 3retan itxi beharko dutela, uda partean, 3:30tan, beranduenera, eta berezi kategoria dutenek berriz, 4:30tan neguan eta 5:00tan, uda partean.

Iturria: Oñati Irratia