Herriko pentsionisten asteleheneroko elkarretaratzeak eten egingo dituzte irailera arte

2019/06/13
Azken kontzentrazioa, astelehenean, festa giroan egingo dute

  Horixe erabaki zen azken elkarretaratzearen ondoren. San Juanak arte luzatu edo 17an amaitzea eztabaidatu zen eta datorren astelehenekoa ikasturteko azkena izatea erabaki zen. Bertaratzen diren askok biloben ardura ere hartzen dutela ikusi zen eta eskola oporrak iristerako, astelehenetako konpromisoa bertan behera uztea egokia litzatekeela erabaki zen, esan bezala.

  Azken elkarretaratze hori festa giroan egingo da. Pentsio duinak eskatzeko kontzentrazioa ohiko moduan izango da, 12:00tan plazan, eta amaieran, txistorra banatuko zaie bildutako guztiei. Bide batez, arratsaldean Arrasaten egingo den manifestaziorako gonbidapena ere egingo zaie. Arrasaten ahalik eta jubilatu eta pentsionista gehien biltzea da asmoa. Berez ez da eskualde mailako deialdi orokorrik egin, denboraz justu xamar ibili direlako, baina astelehen eguerdiz herririk herri egingo diren elkarretaratzeetan, Arrasaten biltzeko deia zabaltzea adostu da. Arrasateko manifestazioa 19:00tan egingo da astelehenean bertan.

  Horrenbestez, herriko jubilatu eta pentsionistek amaiera emango diote ekintza eta aldarrikapenez gainezka izan duten 2018-2019 ikasturteari. Herrian astero elkarretaratzeak egiteaz gain, aldian-aldian Donostian egin diren manifestazioetara joan-etorrian ibili baitira. Baina udakoa, etenaldia izango da soilik. Hori da behintzat asmoa. Uztaila eta abuztua pasa ondoren, irailaren 2an astelehen eguerdietako elkarretaratzeei berrekingo baitiete Oñatiko pentsionistek.

  Asteroko elkarretaratze hauetan pentsio duinak eskatzen dituzte: Europako Karta Sozialak aholkatzen duen gutxieneko pentsioa, 1080 euroko pentsioa, alegia, indarrean jartzea eta euskal pentsio sistema publikoa izatea eskatzen dute, besteak beste. Aldarrikapen horiek astelehenean entzungo dira berriro eta udako etenaren ondoren, irailean itzuliko dira herriko plazara.

Iturria: Oñati Irratia