Herriko ostalariekin bilera egingo dute bihar udal arduradunek

2020/11/16
Card image cap
Sektoreak dituen kezka eta beharrak zuzenean jaso nahi dira

  Ostalaritzaren itxierak herrian sortutako egoera eta sektoreak behar dituen laguntzak zuzenean ezagutzeko bilera egingo du udalak herriko ostalariekin. Udaberriko itxialdian egin zen bezala, oraingoan ere udalak zein laguntza eman ditzaken aztertzen ari direla jakinarazi digu Sozioekonomia batzordeburuak, baina ezer erabaki aurretik, sektorearen iritzia jaso nahi dute, laguntzak, benetan, dituzten beharretara egokitzeko.

  Herriko tabernari, jatetxe eta ostatu jabeen egoera konkretua ezagutu nahi da eta udal administrazioari zer eskatuko lioketen, alegia, benetako beharrei erantzun ahal izateko zein laguntza mota esperoko luketen jakin nahi da. Bilerara beraz, entzuteko asmoz doaz udal arduradunak. Azken helburua, udalak eman ditzakeen laguntza horiek herriko ostalarien behar eta egarrira ahalik eta hobekien egokitzea.

  Oñatiko ostalaritza sektorea jarduera mota ezberdina duten 40-45 bat lokalek osatzen dute. Gehienak tabernak dira baina jatetxe, hotel eta landetxeak ere badira. Guztiak, bihar Santa Ana aretoan, 18:00tan egingo bilerara gonbidatu dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!