Oñatiko udala

Jaietan, edukiontzi bereziak jarriko dira Aita Madina kalean, Iturritxo inguruan eta azoka aldamenean, ostalari eta elkarteentzat

2016/09/27
Card image cap
Giltzadun edukiontziak izango dira

  Edukiontzi berezi horiek erabiltzeko giltzak, inguruko taberna, jatetxe, elkarte eta txosnetako arduradunei banatu zitzaizkien iaz. Baina ez daukatenek udaletxeko harreran eskatu ditzakete. Edukiontzi berezi hauek urriaren 4ra arte mantenduko dira. Azken urteetan egin denaren antzera, frakzio bakoitzari dagozkion edukiontziak hiru gunetan jarriko dira: Aita Madina kalean institutuaren aurrealdean; Iturritxo taberna inguruan eta azokako biribilgunean.
Gune bakoitzean 1000 litroko edukiera duten sei-zortzina edukiontzi jarriko dira. Hala, inguruko ostalari edo elkarteetako lagunek hondakinak bertara eramateko aukera izango dute, jaixetan, ohikoa baino gehiago biltzen badute. Giltzadun edukiontziak jartzea dena den, zerbitzu osagarria izango da. Jai egunetan ostalaritza lokal eta elkarteetan sortzen diren hondakinak gainontzeko egunetan bezala jasoko baitira, ordutegi eta leku berdinetan. Edukiontzi berezi hauek beraz, ohikoaren gaineko hondakin kopurua pilatu eta gordetzeko arazoak dituztenei zuzenduta daude. Larrialdietarako gune direla esan genezake.

  Etxeetako hondakinen bilketan bestalde, ez da aldaketarik izango jaietan eta egun bakoitzari dagokion hondakin frakzioa gauez jasoko da, ohikoa denez. Aipagarria da, dena den, berez San Migel egunez tokatuko litzatekeen traste zaharren bilketa, gaur egingo dela. Aurreratu egiten da beraz. Gogoratu, hori bai, traste zaharrak ateratzeko aurrez abisua eman behar dela 943.71 19 38 telefono zenbakira deituta.

  Enpresetako bilketan ere, aldaketa bakarra San Migel egunez egingo da, irailaren 29an ez baita zerbitzurik izango industria guneetan. Dena den, egun horretan organikoa jaso beharra daukanak espreski eskatu dezake 943. 504721 telefono zenbakira deituta. Eskaerak, asteazken eguerdira arte egin ahal izango dira.

  Merkatari,ostalari eta elkarteei eskaintzen zaien goizeko zerbitzua, pitin bat egokituko da bestalde, Herri Eguna eta Errosarixo Bixamonean, Kale Zaharra, Kale Barria, Atzeko kale eta plazan dauden lokalen kasuan. Herri Egunean eta Errosarixo Bixamonean, erdiguneko kaleak eta plaza jendez gainezka egoten dira goizean goizetik. Hondakinak biltzeko kamioiak bertatik sartzea oso arriskutsua da eta ondorioz, bi egun horietan, aipatu kaleetako lokal jabeei, hondakinak, inguruan izango diren batze puntu nagusietara eramatea eskatuko zaie. Kale zaharra eta plazakoek, Txaketua aldamenean ONCE saltoki ondoko aparkalekuan izango dute batze puntua. Atzeko kalekoentzat berriz, Iturritxoko ONCE saltoki ondoan egokituko da batze puntua. Eta Kale Barriakoentzat Portu taberna inguruan, kalearen behealdekoentzat,  eta Ramon Irizarren, goialdekoentzat. Hori, Herri Egunean eta Errosarixo Bixamon egunean. Kamioiek bilketa lehenbailehen egin dezaten, puntualitatea eskatzen da eta 9.00etarako jada, hondakin frakzioen kuboak, aipatu batze puntuetara eramatea eskatzen da. Gainontzeko egunetan ez da aldaketarik izango.

  Errosarixo Bixamonean, karrozak eta osagarriak botatzeko aurten ere gune berezia egokituko da Aita Mortara kalean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!