Herriko osasun egoera eztabaidagai izan zen atzoko Osoko Bilkuran

2021/02/26
Card image cap
Jeltzaleek informazioa eskatu zioten alkateari eta orain arte hartu diren neurrien berri eman zuen Izaro Elorzak

  Covid -19aren inguruan eta azken 14 egunetako intzidentzia metatu tasa altuaren inguruan kezka agertu zuen Amaia Erostarbe jeltzaleak atzoko Osoko Bilkuran, galde-erreguen atalean eta informazioa jasotzeko kontsultatu diren osasun adituak nortzuk diren eta zer dioten argitzea eskatu zion alkateari.

  Anbulatorioko arduradunekin eta Arrasateko ospitaleko zuzendaritzakoekin harremanetan dagoela erantzun zion Izaro Elorzak baina informazioa berak eskatuta ematen diotela zehaztu zuen, alegia, ekimena, alkatearen aldetik izan ohi dela. Otsailean zehar izan diren kutsatzeen fokura iritsi ei dira nonbait, baina ez zuen foku hori zein zen adierazi, eta azken egunetako positibo berriak etxe barruko kutsatzeetatik eman direla esan zuen. Alde horretatik, ohiko babes neurriekin jarraitzeko aholkua behin eta berriz jasotzen ari direla argitu zuen, hau da, maskara erabili, eskuak garbitu eta harremanak ahalik eta gehien murriztea.

  Beste neurri murriztaileago batzuk hartzearen aldeko liratekeela erantzun zion zinegotzi jeltzaleak, eta Azpeitiko kasua gogora ekarriz, udal eraikinen itxiera aipatu zuen adibide gisa. Erabaki hori udalaren ekimenez hartu zela zehaztu zuen alkateak, alegia, orduan ere osasun arduradunek ez zutela halakorik proposatu. Eta Azpeitiak orduan zuen egoera eta Oñatik orain duena ezberdinak direla azpimarratu zuen, ostalaritza egun zabalik dagoela gogora ekarrita. Baina udalaren aldetik neurri bereziak hartu direla esan zuen: gaztetxoei zuzendutako hainbat ekintza atzeratu dira, udal eraikinetan maskara kirurgikoak banatzen dituzte eta pandemia hasi zen garaian indartu zen garbiketa protokoloari eusten zaio. Osasun arduradunei bestelako neurri zorrotzagoak hartzea proposatu izan zaiela aipatu zuen, herri baheketa egitea edota udal zerbitzuak ixtea, baina halakorik ez dietela gomendatzen ere zehaztu zuen.

  Oñatin 10 positibo berri atzeman ziren atzo eta azken 14 egunetako intzidentzia metatua 1351,59 da, Osasun sailak eguerdian kaleratu dituen datuen arabera. Egoera honen aurrean, eta erantzukizunez jokatzeko, baina presioak ere jasan dituztela argudiatuta, Ongi tabernak ez du asteburuan irekiko. Halaxe jakinarazi zuten atzo sare sozialetan zabaldutako idatziaren bitartez, alegia, gaur, bihar eta etzi Ongi taberna itxita egongo dela.

  Eta txertoa noiz jarriko zain daude jada Eguneko zentroko erabiltzaile nahiz langileak eta baita Urgain-Errekaldeko Haur Hezkuntza, Heziketa berezia eta jangela eta sukaldeko langileak. San Martingo Eguneko zentroan 30 erabiltzaile eta 5 langile daude egun. Erabiltzaileei eta familiei txertoa hartzeko baimen orriak banatu zaizkie eta denak jasota lehenbailen bidaliko dira Diputazioko erizainak Oñatin zenbat lagun txertatu behar dituzten jakin dezaten. Eguna ez da finkatu oraindik baina datozen egunotan izatea espero dute San Martingo arduradunek.

  Ikastetxe publikoetako Haur Hezkuntza, Heziketa Berezia eta jangela eta sukaldeko pertsonaletik hasi da gaur Hezkuntzako kolektiboaren txertaketa. Urgain-Errekalde eskolan 26 lagunek osatzen dute talde hau eta txertoa hartu nahi dutenen datuak Hezkuntza arduradunei astean pasatu zaizkie. Kasu honetan dena den, txertoa, Mutualiaren bitartez emango zaie eta deia noiz jasoko zain daude. Maskararik erabili behar ez duten haur txikiekin edo kontaktu handia eskatzen duten ikasleen hezitzaile eta jangelako langileak dira Hezkuntza arloan txertatzen hasi direnak, sare publikokoak lehenik, itunpeko zentroetakoak ondoren.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!