Oñatiko udala

Herriko merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko dirulaguntzak eta erosketa bonoak aztergai izango dira gaurko Osoko Bilkuran

2020/09/24
Card image cap
Uraren ziklo integralaren integrazio-planaren dirulaguntzak bertan behera uztea ere proposatuko da, besteak beste

  Covid-19ari aurre egiteko dendari eta ostalariek egin behar izan dituzten inbertsioak arintzeko dirulaguntzak banatuko dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak sortutako ez-ohiko laguntza lerroa da, udalen bitartez bideratu eta banatuko dena. Oñatiko udalak ia 37.000 euro banatuko ditu. Baina zeini, zenbateko kopuruz eta nola zehazten duten baldintzak arratsaldeko Osoko Bilkuran aztertuko dira.

  Era berean, eta herriko dendari eta ostalariei laguntzeko helburuz, erosketa bono berriak eskuragarri jarriko ditu Udalak. Konfinamendu garaian Kuttuna ekimenak izan zuen arrakastaren ondotik udalak diruz lagundutako erosketa bono berriak merkaturatzeko aukera landu da. Zein enpresa edo autonomok parte hartu ahal izango duten, herritarrek nola eskuratu ahal izango dituzten eta udalak zein proportziotan diruz lagunduko dituen zehazten duen oinarri edo baldintza sorta osatu da eta udalbatzari aurkeztuko zaio, deialdia kaleratzeko. Lehenik, egitasmora atxiki nahi duten denda eta ostalariei zuzenduta eta ondoren, bonoak eskuratuko dituzten herritarrei zuzenduta.

  Dirulaguntzen atalean, bertan behera utzi asmo diren beste dirulaguntza batzuen berri ere emango da gaurko Osoko bilkuran: Uraren ziklo integralaren integrazio planaren dirulaguntzak hain zuen ere.

  Horiek, 18:30tan hasiko den Osoko Bilkuran azaldu eta eztabaidatuko diren gaietako batzuk dira, guztira, lan zerrendan, 15 jaso baitira

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!