Herriko lehen jai nagusietarako hilabete eskas falta denean, Korpus eta San Migeletan etorriko diren barraken gaia adostu da.

2014/05/26
Udalak, plazako gunea bete arte edozein ferialarirekin akordioa sinatzeko aukera gorde du.

  Hainbat urteetan tratua, AFADE Euskadiko ferialari autonomoen elkartearekin zuzenean egin eta gero, azken lauzpabost urteetan harremanak ferialariekin partikularki egiten hasi ziren. Auten ere, halaxe egin da.

  Korpus jaietan eta San Migel eta Errosarixo jaietan plazan beren barraka edo kaseta jartzeko baimena duten ferialarien zerrenda osatu da baina garbi utziz, udalak, libre geratzen den zatian beste edonori baimena emateko aukera duela.

  Horrezaz gain, baldintzetan, adin txikikoak enplegatzeari buruz aipamen berezia egiten da, udalak, halakorik ez duela onartuko zehaztuz. Alegia, adin txikikoak negozio ezberdinetan lanean ez direla onartuko, ez takila zerbitzuetan ezta aparailu mekanikoen manipulazioan ere. Errotulazioa eta musika euskaraz jarri beharko dituztela ere jaso da.

  Bestelakoan ez dago nobedade handirik udalak ferialariekin adostutako akordioan. Jai garai bakoitzean plazan izango diren barraka eta kaseten sarrera eta irteera egunak zehazten dira eta Korpus edota San Migel jaixetan bakoitzak ordaindu beharko duen prezioa.

  Egutegian aldakorra den Korpus egunaren inguruko ospakizunek San Juan aurreko asteburuarekin kointziditzen dute aurten baina horrek ez du aparteko eraginik izango eta ohiko barrakak etorriko dira gurera: bost barraka eta lau kaseta eta txurreria. San Migeletan, berriz, barraka bat gehiago etorriko da. Hori behintzat, oraingoz lotuta dagoena, esan bezala.

  Eta zehaztuta dago baita ere, noiz etorri eta joango diren: Korpus jaixetan, barrakak, ekainaren 11tik 22ra eta San Migeletan, irailaren 17tik urriaren 6ra. Egun tarte horietan gainera, bidaia-prezioa merkatzen den egun bana izango da, ekainaren 13a Korpusetan, eta irailaren 26a San Migeletan. Egun horietan, bidaia txartela euro batean salduko da, beste egun guztietan, prezioa euro bat eta 80 zentimo izango da.

  Udalak, ferialariekin egin duen tratuaren arabera, 7.400 euro jasoko ditu herriko bi jai garai nagusitan barrakak plaza aldameneko jolaslekuan jartzeko baimenaren truke.

Iturria: Oñati irratia