Oñatiko udala

Herriko jolas parkeen azterketa eta mantentze lanak egiteko eta Olakuako jolasgunean hesia jartzeko proposamenak aztertuko dira Tokiko Gobernu Batzarrean

2016/12/15
Card image cap
46 gai zerrendatu dira gaurko

  Herrian dauden jolas parkeen erabilgarritasuna eta segurtasuna bermatzeko oinarrizko mantentze lan batzuk egitea ezinbestekoa da. Halakoak egitea aurre ikusi du udal gobernu taldeak baina lehenik, gune bakoitzaren azterketa egin da, tokian tokiko beharrak identifikatu eta horren araberako mantentze egitasmoa zehazteko. Osatu den txostenaren berri emango da arratsaldeko bileran eta bide batez, mantentze lanak egiteko proposamena aurkeztuko da.
Olakuako jolas parke edo guneaz ere berba egingo da. Saskibaloian nahiz futbolean aritzeko margotuta dagoen kantxaren alboan espaloia eta errepidea daude. Jolasean aritzen direnei baloiak ihes egiten die sarritan eta oinezkoak nahiz autoak kolpatu izan dira inoiz. Arrisku hori ikusita babes hesia jartzea proposatzen da eta lanek izango luketen aurrekontua ere Gobernu Batzarrean azalduko da.

  Jolas parkeak haurrek eta gazteek erabiltzen dituzte nagusiki. Horiei zuzenduta, Gazteria Departamentuak sormenerako diru laguntzak eman ohi ditu. Urria-azaroan egin zen bigarren deialdian jasotako eskaeren berri emango zaie gobernu taldeko kideei eta bide batez, gaiaz erabakia hartzea eskatuko zaie, alegia, diru laguntzak zein proiektu eta eskatzaileri eman edo ukatu erabakitzea. Diru kontuekin jarraituz, Garagaltzako auzotarrek hasi zituzten Leintz bideko obraren likidazio proposamena aurkeztuko da arratsaldean eta 2017. urtera begira berreskuratze lan hauen jarraipenerako proposamena ere azalduko da. Larunbatean banatuko diren 9. erakusleiho lehiaketaren inguruko gastuen berri ere emango da, besteak beste.

  Gai ugari jaso dira arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrerako. Urtea amaitzen ari da eta halakoetan diru laguntza eta lanen ordainketa likidazioak ugaldu egiten dira. Datorren astean abenduko Osoko Bilkura egingo da eta azken orduko aldaketarik ez badago, urteko azken Gobernu Batzarra ere bai. Gabonetan, erabaki bilera hauei dagokienean eten txiki bat izan ohi da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!