Herriko janari denda guztiek parte hartuko dute bihar-etziko elikagaien bilketa handian

2017/11/30
Produktuak uzteko karroak jarriko dira eta elkartasun bonoak salduko dira

  Gipuzkoako Elikagaien Bankuak deituta urteko janari bilketa kanpaina nagusia egingo da bihar eta etzi. Oñatin ACESMA elkarteak koordinatzen du kanpaina  eta herriko saltoki guztietara zabalduko da: Eroski, Super BM, San Migel kooperatiba, DIA eta Errekaldeko dendan eta Eroski City berrian. Guztietan janariak uzteko karroak jarriko dira. Gainera, Eroski nagusian elkartasun bonoak salgai jarriko dira, 3 eta 5 eurotan, produkturik ez baina laguntza ekonomiko hori eman nahi duenak hartarako aukera izan dezan. Elkartasun bono horiek, kanpainan behar beste jaso ez diren produktuak erosteko erabiliko dira. Boluntarioak ere Arantzazuko Ama kaleko Eroskin egongo dira soilik, beste lokaletan, dendariak arduratuko dira kanpainaren berri bezeroei eman eta karroak betetzen direnean orga berriak jartzeaz.

  Denden sarreretan batu asmo diren produktuen zerrenda orriak emango zaizkie bezeroei baina edozein etxetan jaten direnak eskatzen dira. Oñatin batzen den materiala Bergarako Elikagaien Bankura eramango da bertatik, beharra duten zentro eta pertsonei banatu diezaieten.

  Elikagai bilketa handi honi aurre egiteko boluntarioak eskatu dira baita Oñatin ere. Boluntarioak Arantzazuko Ama kaleko Eroskin egongo dira, esan bezala. Nahikoa jende dutela adierazi digu herriko bilketa koordinatuko duen arduradunak, baina azken orduan animatzen dena esku zabalik hartuko dutela zehaztu digu. Printzipioz, bihar eta etzi, 9:00tatik 21:00tara egongo dira, bi orduko txandak beteaz eta txandako lau boluntario. Bezeroei informazioa emango diete eta produktuak jaso eta sailkatuko dituzte.

  Gabonen aurretik egin ohi den bilketa berezi hau oso garrantzitsua da Elikagaien Bankuentzat, urteko bilketa handiena izaten delako eta urtean zeharreko beharrak hein handi batetan betetzen dituelako. Oñati oso esku zabala izaten dela adierazi digu Acesma-ko arduradunak eta aurten ere hala izatea espero dutela esan digu.

Iturria: Oñati Irratia