Herriko jaiak eta informatika laguntzaile lanpostua betetzeko prozesua hizpide izango dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2019/09/05
Udako opor eta etenaren ondorengo lehen batzarra izango da

  Kultura departamentuak apenas izan du etenik eta gertu du jada San Migel eta Errosarixo jaietarako egitaraua. Jai ekintzen eta aurrekontuaren berri emango zaie arratsaldean gobernu taldeko kideei. Azken orduko ezustekorik ez badago, inprentara datorren aste hasieran bidaliko da egitaraua eta hile erdialdean edo etxeetara banatuko da.

  Ekainean hutsik geratu zen informatika laguntzaile lanpostua betetzeko hautaketa prozesua ezerezean geratu zela ere adieraziko zaio gobernu taldeari gaurko bileran. Lau hautagai aurkeztu ziren baina bat prozesutik kanpo utzi zen, eskatutako euskara maila ez egiaztatzeagatik. Uztailaren 17an egin zen azterketa teoriko-praktikora ordea, hautagai bakarra presentatu zen baina ez zuen gainditu. Ondorioz, hautaketa prozesua hutsean geratu dela jakinaraziko zaio gobernu taldeari eta zer egin erabaki beharko du.

  Udako oporren eta etenaren ondorengo lehen tokiko gobernu batzarra da gaurkoa. Udal jarduera bere ohiko funtzionamendura itzuli da aste honetan baina batzorde asko ez dira bildu oraindik. Ondorioz, gaurko Tokiko Gobernu Batzarrerako ez da gai askorik jaso, 9 guztira.

Iturria: Oñati Irratia