Herriko ikastetxeek beraien egunak ospatuko dituzte

2017/05/09
Card image cap
Urgainek eta Txantxiku ikastolak, maiatzean eta Elkar Hezik, ekainean ospatuko dituzte

  Ikastetxearen eguna ikasle, irakasle, guraso eta langile komunitateak biltzeko egiten duten hitzordu berezia da. Herriko ikastetxe guztiek beren eguna ospatzen dute eta aurtengoak finkatuta dituzte jada. Guztietan lehena, Urgain Eguna izango da maiatzaren 20an ospatuko baita. Urgaintxo maskota eta Senzala batukadak lagunduta jaiari hasiera emango diote eta goiza, herriko kaleetan zehar jolasak eginez emango dute. Lagunarteko bazkaria berriz, institutu aurrealdeko plazatxoan egingo dute eta bazkalostean DBHko ikasleen antzerki emanaldia eta puzgarriak, kirol festa eta dantzaldia izango dute.

  Txantxiku ikastolaren eguna maiatzaren 27an ospatuko da. Ohikoa denez, goizez, tailerrak, jolasak, puzgarriak , erakusketa eta eskulanak izango dira Santa Ana eraikinean eta plazako pilotalekuan. Arratsaldean berriz, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizuna emango da Zubikoa kiroldegian. Ikuskizuna, birritan eskainiko da. Aurrez, apirilaren 30ean Txantxiku ikastolako ikasle ohien bazkaria egingo zen, bost urtean behineko hitzordua beteaz.

  Elkar Hezi Eguna ekainaren 24an izango da. Hauek ere bazkaria eta ikuskizunak antolatzen ari dira eta horretarako, Zubikoako kantxa erabili ahal izatea eskatu diote Udalari.

  Udalak, eskatutako instalazioak eta materiala erabiltzeko baimena ez ezik, ekintzak aurrera eramateko baimena ere eman die herriko ikastetxe guztiei.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!